Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Ama hizkuntzak eta negar hizkuntzak

Hara non gure burudunek deskubritu duten nork bere ama hizkuntzan ikasiz gero, eskola emaitzak hobetu egiten direla! Non demonio ote zeuden nik neure ama hizkuntzan ezertxo ere ikasi ezin eta dena negar hizkuntzan ikasi behar izan nuenean? Negar hizkuntza izan baitzen niretzat. Malkoak agortu zitzaizkidanean hasi nintzen komunztadurak, aditz irregularrak, aurrizki-atzizkiak, aktiboak eta pasiboak, jargoia... pittin bat menderatzen. Arituan, gaur arte. Baina sei hamarkada baino gehiago igarota, esaten didate orain neure ama hizkuntzan ikasi banu, ez nintzela izango naizen bezain mozoloa. Kalte ordainen bat eskatu ote dezaket? 

Hobe ezetz. Hauek, azkarraren azkarraz, kapaz dira neuri korrituak eskatzeko hamarkada horietan negar hizkuntzan ere lan eginez aterako nituen sos apurren kontura. Eta ez diet galdetuko zer egin behar ote den, ezer egitekotan, gero eta ugariagoak izan behar duten (etxean dut bat) jaiotzez elebidun datozenen kasuan, adibidez. Jakin-minak premiatzen banau, gurean ditugun neurolinguista iaio horietakoren bati galdetuko diot. Baina neure eskarmentutik atera gabe, gustatuko litzaidake jakitea zer deritzoten jakitun burutsu horiek nire negar hizkuntzaren ikastegi izan zenean oraintsu aurkitu nuen panoramaz. Eraikina ere aldatuta, eta zer esanik ez irakaslegoa, nire eskola txiki hartan (orain, ia txikiagoa, ikasle kopuruz) esan zidaten hemeretzi herrialde desberdinetako jatorria zuten haurrak zeuzkatela. Boteprontoan, kalkulatu nuen hemeretzi ez, baina zazpi-zortzi ama hizkuntza desberdindunak izango zirela. Nik ezin izan nuen hizkuntzan ikasten guztiak. Ez zitzaizkidan gu baino ergelagoak iruditu; ez behintzat ni baino kaikuagoak. Eta, ez horixe, ez nuen kausitu negar hizkuntzan ari zela zirudien bat bera ere. 

Zertaz ari ote dira orduan gure buru jakintsuak? «Urteten jakena urteten jaken» Cayetanoen ama hizkuntzaz soilik, agian? Bada, halakoei komeniko litzaieke negar hizkuntzan ere zertxobait ikastea. 
Eskarmentuz esaten diet. 

Search