Sarkasmo hutsa da, baina berak ere ezin esango du ezustean gertatu zaionik. Ez da ergela, eskarmentua du eta aholkulariak ez zaizkio falta, edozertarako. Baina, azkenean, argazki horretan zegoen arriskua, beste inon baino askoz gehiago.
Frantzisko aita santuak Irakera egin duen bisitaldiaren arriskuez alde aurretik entzun eta irakurritakoak ahazteko denborarik ez dugu izan oraindik; beraz, ez dago berresan beharrik. Bizirik ez zela itzuliko zirudien.
Asmo txarra ere ez zela falta askotan, esango nuke. Bergoglioren egitasmoak oso leku txarrean uzten zituen ezin ospetsuagoak diren VIP asko. Ohitura bihurtu baita munduko politikari gorenen artean beraiek sututako gatazka-lekuetara (Afganistan, Irak...) oso gutxitan eta, batez ere, oso isilpean eta oso labur joatea; hori bai, handik hanka egitearekin batera egundoko harrabotsa muntatuko duen korifeo-sorta gonbidatuta daramatela. Koldarren antzezpena.
Aldiz, Frantziskoren bisitaldia hiru egunekoa zen, egutegi eta topaleku ezagunak zituen, eta hainbat ekitaldi, jendetsuak izan behar zutenak batzuk, eta teorian oso arriskutsuak ziruditen tokietan, Mosulen kasu. Zaintza ikaragarria izango zuen, dudarik gabe; baina are gehiago izan ohi dute isil-gordeka ibiltzen direnek ere... Kontua da bizirik eta onik itzuli dela Bergoglio Erromara; eta bere anfitrioiak, nor bere etxera.
Bake santua? Bai zera! Orain hasi da tiroketa. Najafen, haren etxean Ali al-Sistani aiatola handiari egin zion bisitaldiak hautsak harrotu ditu Vatikanoan (horixe bakarrik behar zuten Frantziskoren etsai gero eta amorratuagoek!) eta «mundu zabalean» (islama, oro har, eta xiismoa, partikularki, deabrutzen hainbeste neke eta diru sartu ondoren, hara zer egin digun honek). Nonbait zalapartak ez du makala izan behar, etxera bidean Bergogliok berak adierazi baitu «hartu beharreko arriskua» zela Sistani agurtzea, baten batzuek «heresiatik oso hurbil» egotea egozten badiote ere.
Elkarri zuzenean hitz egin ezingo zioten eta bien artean ia 175 urte egiten dituzten bi agureren argazkitxo bat ere lehergarria bihurtzen denean...
Argazki baten arriskua
Bake santua? Bai zera! Orain hasi da tiroketa. Najafen, haren etxean Ali al-Sistani aiatola handiari egin zion bisitaldiak hautsak harrotu ditu Vatikanoan.
