Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Autotorturaren diplomazia

Egun hauetan gerraren krudelkeriarekin uztartuta gertatzen ari diren pasadizo diplomatikoek gogoeta merezi dutela esango nuke. Etorkizun dugun munduaren aitzindari direlako.

Imran Khan, Pakistango lehen ministroak, bota zuen gaur hamabost: «Zer pentsatzen duzue? Zuen esklaboak garela edo?» Estu-estuan jarrita, erantzuna ezezkoa izango zela irudituko zitzaion, seguruenera.

Pakistanek Nazio Batuen Batzar Nagusian Errusiak Ukraina inbaditu izanaren aurka bozka zezan eskatuz Europako 22 ordezkari diplomatikok, diplomaziaren munduan ezohikoa den, eta beste ezeini helarazi ez zitzaion, gutun irekiaz ari zen Khan. Eta, noski, hurbileneko irakurketa egiten zuen: «Idatzi behar al diozue horrelako beste gutun bat Indiari?», galdetzen zuen. Pakistan, India bezala, Txina bezala... munduko biztanleen erdiak baino gehiagoren ordezkari politikoak bezala, abstenitu egin zen Nazio Batuetako bozketa horretan, gutuna jasota edo jaso gabe.

Bestelako baliabide batzuekin, hertsapenaren edo indarkeriaren jarraipena izaten dela diplomazia oso argi dudalako, ordea, egun hauetan, gerraren krudelkeriarekin uztartuta gertatzen ari diren pasadizo diplomatikoek gogoeta merezi dutela esango nuke. Etorkizun dugun munduaren aitzindari direlako.

Khanen pasadizoak eta, orokorrean, Nazio Batuetako bozketak erakutsiko luke neure artean «Corleone diplomazia» deitu ohi dudana («Uko egin ezingo dion eskaintza egingo diot»), gero eta baliabide mugatuagoa dela gatazketarako. Gero eta gehiago direlako ukoari eusten diotenak. Eta salamiaren teknikak ez du balio orduan. Agian horrexegatik, aurrerapauso bat eman eta neure artean «autotorturaren diplomazia» bataiatu dudana jarri du martxan Biden Administrazioak Txinarekiko harremanetarako, Ukraina aitzakia dela. Funtzionatuko balu, pagotxa litzateke AEBentzat: berak Errusiari ezarritako zigorrak (AEBentzat etxekalte apenas direnak), haiekin ados ez dagoen Txinak bete beharko lituzke, bere ekonomiaren larrutik. Hau da, Europak bezalatsu.

Trantze horiek ezagutu ditugunok, badakigu atxiloak bere burua torturatzea (flexioak, «ahatearena» egitea, zutik hamaika ordu egotea) direla ia torturatzaile ororen ametsa: nekerik gabea beretzat, «garbia», ukagarria... Baina horrek ere ez du funtzionatuko kasu honetan.

Search