Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Azken txanpa

Gobernuaren armadak, lekuan lekuko aireportua defendatzen du gehienbat, handik izango baitute ihesbidea, izatekotan. Hala ere, milaka soldadu errenditzen ari dira, arma guztiekin

Abiadura da deigarria. Estatu Batuetako Armada Afganistandik «aurtengo irailaren 11 baino lehen» erretiratuko zela ofizialki adierazi zenetik, askok egin genuen, nik uste, nork bere kalkulua zenbat iraun zezakeen A. Ghaniren erregimenak aitajaunaren babesik gabe. Etxe Zuriaren esan-esanekoek salbu, ez dut gogoan inork luze irauteko aukerarik ematen zionik; baina, duela 30 urtekoak gogoratuz-edo, pare bat urteko biziraupena ematen genion hainbatek. Eta hortik aurrera, testuingurua ere alda zitekeen, handik edo hemendik…

Baina talibanek maiatzean hasitako ofentsibaren emaitzak ikusita, zakarrontzian daude jada pronostiko haiek. Orain galdera da abuztuaren hondarrean azken soldadu estatubatuarrak (eta, agian, baita enbaxadako diplomatikoak ere) Kabuletik helikopteroz ateratzeko unean (argazkirik gabe, ahal bada), ez ote diren talibanak hiriburuan hiruzpalau albotatik sartzen arituko.

Estatu Batuek jakinarazi diete Afganistanen dituzten zibilei ere atera daitezela lehenbailehen handik… estatubatuar hegazkinek aterako dituztela itxaron gabe. Argigarria. Beste herrialde aliatuetakoez edo bertako itzultzaileez, fitsik ere ez, noski. Ihesa ezin dotorea izan.

Afganistango lurraldearen hiru laurden inguru daude jada talibanen eskuetan. Ia muga guztiak kontrolpean dituzte eta hiri nagusi gehienak inguratuta dauzkate. Eta haiek hartzeko ekinbidea martxan jarri dute, eskema bertsuarekin ia beti: probintzia-hiriburuko kartzela hartu lehendabizi, hango kide presoak askatu eta borrokarako gehitzeko. Mendebaldean haietaz dugun karikatura ezeztatuz, tentu handiz planifikatutako ofentsiba burutzen ari dira talibanak. Arrakasta osoz.

Gobernuaren armadak, lekuan lekuko aireportua defendatzen du gehienbat, handik izango baitute ihesbidea, izatekotan. Hala ere, milaka soldadu errenditzen ari dira, arma guztiekin.

Gerra azken txanpan sartu dela esan liteke. Nork irabaziko duen argi dago. Inguruko herrialde guztiak biharamuna buruan dutela ari dira jada. Eta ihesi joan denaren arazoa da ahanzturaren lainoa ereiteko ere ez duela emango azken txanparen abiadura horrek.

Search