Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Bururik gabeko kopetadunak

«Eskoletako» batzuk Eliza katolikoaren manupekoak zirela eta Frantzisko aita santuari kargu hartzeak badu zentzua... kaltea nozitu zutenen ahotan.

Kosta egiten da ulertzea, benetan, nazioarteko harremanetan batzuetan gertatzen direnak. Zientzia zehatza izan gabe, zentzutasunezko zerbait izan behar luketela uste izaten dugulako, agian.

Gainera, protagonista bien aldetik enblematikoa izan behar lukeen egunaren atarian gertatu da horrelako azken akabua. «Betidanik», Kanada-eguna baita uztailaren lehena, alde batetik. Eta aurten, Txinako Alderdi Komunistaren sorrera ofizialaren mendeurrena izaki, egun seinalatua da han ere.

Ez al zekien Justin Trudeauk zer zetorkion gainera bere etxean, Lehen Nazioetako haurren (eta ez horren haurren) genozidio aitortua dela eta, bere mandatariak Genevara bidali zituenean duela hamar egun, NBEaren Giza Eskubideen Batzordearen aurrean Txinaren aurkako arbuioaren burutzan aritzera? Ez baitzen AEBek sustatutako ekimenaren tropelean egotera mugatu; lehen proposatzailea eta sinadura-biltzaile nagusia izan zen Kanada… handik 48 ordura Marieval-eko «Eskolaren» izugarrikeriarekin aurrez aurre topo egin eta mundu osoan lotsagarri geratzeko. Xinjiangi buruz hitza ateratzen hasteko moduan dago Trudeau jauna…

Izan ere, Justin burgoia, Pierreren semea da, oso oker ez banago. Eta harekin Lehen Nazioek izan zituzten gorabehera guztien ezaguera zuzen samarra eduki behar du, ezinbestez. Etxetik. Beraz, halako batean desagerrarazi ziren fitxategiak ikusiak izan ala ez izan, Kamloops, Brandon, Marieval eta, ziurki, beste hainbat lekutan mende batez gertatuen berri izan behar du inor gutxik bezala.

Kopeta ere baduela mutilak onartu behar da, haatik. «Eskoletako» batzuk Eliza katolikoaren manupekoak zirela eta Frantzisko aita santuari kargu hartzeak badu zentzua... kaltea nozitu zutenen ahotan. Baina antolakunde hits haren guztiaren arduradun gorena litzatekeen Kanadako aginte politikoaren ordezkaria denak zer esan behar ote du?

Esan gabe doa Genevan aurkaria zuenari primeran etorri zaiola albistearen «oparia». Horrelako etsaiekin, apenas izango baitu lagun beharrik Txinak.

Search