Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Davoseko bertzuna

Ukrainar batek ikusi behar luke, inork baino argiago, zein alderantzikagarriak diren Osaba Samen irizpideak lurraldetasuna, bakea, eraso militarra eta abarri buruz

Bertrand Russell eta beste zenbait tartean zituztela, duela 75 urte, Cambridgeko King Collegen, Ludwig Wittgenstein eta Karl Popper-en artean izandako “bertzunaren eztabaida” hark bezainbesteko zeresana ez du emango, ziur asko. Henry Kissinger eta Volodymyr Zelensky ez ziren aurrez aurre, ezta egun berean ere, aritu aurtengo Davoseko bilkuran, baizik eta bideokonferentziaz eta lehenaren biharamunean bigarrena. Beraz, bertakotasunak ematen duen gatz eta biperrean erabateko aldea dago; baina badute kidetasunik garraztasunean eta beste inguruabar batzuetan bi kalapitek.

Oraingo honetan hitzak nahiz irudiak jasota daudenez, ordea, ez dago ika-mikarik edukiaz: Kissingerrek, biharamunean bete behar zituen 99 urteen eskarmentutik, enegarren “lurraldeak bakearen truke” tratua proposatu zuen Ukrainako gatazka amatatzeko; eta hitzarmenerako denbora gutxi dagoela azpimarratu zuen gogotik. Zelenskyk, biharamunean, 1938an Munichen bezala aritzea aurpegiratu zion Kissingerri, besteak beste.
Sesioan zeinek zuen arrazoia ebaztea beste baterako –hobe, Kissingerren adina dudanerako– utziz, pare bat iruzkin bururarazi zizkidan pasadizoak.

Prozedurazkoa da bat. Oker ez banago, informatikaria denez Zelensky, eta ez tuntuna, ezagutu beharko luke duela jada hamarkada batzuk Mike Godwin-ek plazaratu zuen legea: «Eztabaida bat luzatu ahala, naziekiko edo Hitlerrekiko analogia agertzeko probabilitatea 1-era hurbiltzen da». Eta norbaitek hari erantsi zion korolarioa: «Orduan jakiten da nork galdu duen».

Edukiari buruzkoa da bigarrena. Gatazka geopolitikoetan, lurraldetasunak, hitzarmenek eta abarrek izango dute garrantzia, baina inoiz ere ez boterearena, indar-harremanarena baino handiagoa. Eta Ameriketako Estatu Batuen babesaren mende dagoen ukrainar batek ikusi beharko luke, inork baino argiago, zein alderantzikagarriak diren Osaba Samen irizpideak lurraldetasunari, bakeari, eraso militarrari eta abarri buruz. Ez dauzka horren urruti Kosovo edo Kabul, Donbasen zer gerta litekeen aurreikusteko.

Eta Kissinger Etxe Zuritik Zelensky jaio baino lehen joan izanak ez du ezer aldatzen.

Search