Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Deabruari harrika

Egia gordinak esan ohi dituzte epitafioek, batez ere zenduak berak idatziak direnean. «Ez da guk nahi genuen Errusia», dio Victoria Nuland txit ahaltsuaren epitafio politikoak... behin betikoa bada haren akabera jardunbide publikoan; baina, tira, CNASen edo antzekoren batean aurkituko du oraindik egokiera, eta emango digu zeresana.

Ezbairik gabeko egia baita beste sei urterako Putin aginte gorenean izango duen Errusia ez dela Estatu Batuetako eliteak nahi zuena. Eta Nulandek, beste hainbatekin, bere 30 urteko jardunbidean eraiki nahi izan duena. Zerk huts egin duen galdetzeko abagune polita litzateke. Nuland gaztea S. Talbott super-adituaren eskuin eskua zen garai haietatik hasita.

Jeltsin hegazkinetik balantzaka jaisten zen, eta Moskun Gaidar, Txubais eta gainerakoek desegin zitekeen guztia desegiten zuten garai haietatik hasita. Bosnian, «hauek ez dute onartu nahi lehen egunetik galduta daukatela gerra» norbaitek esaten zuen egun haietatik.

Baina zerk huts egin duen erabakitzeko, agian, aurretiaz, argitu behar litzateke zer lortu nahi zen. Benetan. Ez hitz magikoak –askatasuna, demokrazia, bakea, ongizatea, aurrerabidea– maneiatuz bulegoko bekadun saiatuek josten ahal zituzten hitzaldietan jaulkitzen zena. Ezta kaleratu orduko iraungitzen ziren oin-oharrez jositako paper haietan esaten zena ere. Ez. Bertatik, ahaltsuen solasean aditzen zena. Horrexek huts egin baitu.

Balantzea egin eta etorkizuna –berehalakoa nahiz luzerakoa– igartzen saiatzeko une polita litzateke. Duela 30 urtekoa baino zuhurtasun gehiagorekin hausnartuz.

Baina lasciate ogni speranza. Ez dugu halakorik ikusiko. AEBetako eliteak maisutasun ukaezina du deabruak irudikatzen eta saltzen. Formula, egia esan, aspaldi-aspaldikoa da, eta oso erraza. Eta funtzionatu egiten du gure artean.

Deabrugintza faktoria horren azken ekoizpena, lortua benetan, Putin da. Eta, ohi bezala, deabruaren aurrean gure gizarte mendebaldarrak harrika egiten besterik ez daki. Ikusi besterik ez dago.

Search