Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Gerrako bideojokoen ethosa

Egungo geoestrategien harira, Tuzididesen tranpa hizpidera gehiegitxo ekarri dugulako edo, baten batzuek Esparta deskubritu bide dute. Miresmenez deskubritu ere, gainera. Deigarriena da hartan ari direnek demokraziaren eredu eta misiolaritzat dutela euren burua. Bistan da Peloponesoko gerraz hausnartzeko betarik ez dutela izan. Gogorik ere ez, agian.

Lehena, duela bi aste, Bibi genozida izan da, Atenasko merkatarien kontziliabulua zirudienaren aurrean iragarri duenean Israel «Ne’um Sparta» (Berealdiko Esparta) bihurtuko dela. Hedabideek jada «Sparta Speech» ezizena eman dioten (eta burtsak beherakadaz hartu duen) ateraldi horren eduki ekonomiko autarkikoa maiseatu dute bertako kritikoek. Eta inor gutxik murgildu nahi izan du analogiaren iradokizun historikoetan. Ez bedi kexa hiltzaile nagusia. Tuzidides atenastarraren kontakizuna ez litzaioke gustatuko.

Bere Idazkaritzaren izena eta izana berriro parekatzen jada ahalegindu den Hegseth Defentsa/Gerra idazkariak ere kopla berberari heldu diola ematen du, ordea. Gustukoa duen «letalitatea» goraipatzea antzu samar geratzen dela iritzita edo, desenkusatu ezinezko hitzordua jarri die Virginiako Quanticon, gaurko, Estatu Batuek munduan barrena sakabanatuta dituen ia mila jeneral eta almiranteei.

Aurrekaririk gabeko deialdi horrek askori sortu dizkien agenda endredoen haserreaz harago, aho bete esamesa dabil bilkuraren inguruan. Baina hitzordua hurbildu ahala, gero eta argiago dago Hegsthek «Warrior ethos» deitu ohi duenaren azalpena zuzenean entzun dezaten bildu beharko dutela. Agian, aipamen zuzena eginez Espartari.

Jakinik izardunei zein gutxi gustatzen zaien izar gutxiago dituztenen ahotik («komandantetxoa» besterik ez da Hegseth) aholkuak –eta, zer esanik ez, lezioak– jasotzea, aurreikus liteke bilkuraren arrakasta. «Gerlari-ethos» horren bila komandante buruaren biografiara jotzea alferrik dutela jakingo dute honezkero, bestalde.

Hobe dute Hegsethek bezala gerrako bideojokoetara jo. 

Search