Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Keynesianismo militarra berregin nahian

Balantzea egiteko unea heldu da, agidanez. Bere garaian auzia armen epaira jartzeko presa eta grina zuten gehienek meniak eta negoziazio mahaiak exijitzen (ez dira eskatze zaleak) dituzte orain. Esan gabe doa, ehunka mila hildakoren ondoren, itxarokizunak ez direla bete. Inorenak, esango nuke. Batzuenak besteenak baino gutxiago.

Hori izango da, ziur, balantzearen lehen osagaia: zergatik duela hamar urte inguru hitzemanda ez ezik sinatuta zegoena, ametsaren paretsuko zerbait izango den hemendik aurrera. Baina ez dut aparteko argibiderik espero alde horretatik: propaganda ultraprozesatua dieta bakuna bihurtu da gure gizartean, eta inor gutxik hausnartu nahiko du zer sabeleratzen desengainuaren ahokada mingotsak.

Fakturarena dator segituan. Bueno, mahai gainean dago jada, zabal-zabalik. Baina Trump bezalako astapitoek bakarrik ateratzen dituzte diru-kontuak mozorrorik gabe mahai gainera. Nolanahi ere, aberiak zero gehiegi ditu, eta kalte-ordainak ez ditu inork ikusiko. Agian, ezta proposatuko ere. Gudu-zelaiak ez du hartarako aukerarik eman.

Eta hari horri tiraka letorke hirugarrena: zergatik heldu gara honaino, negozio ederra izan behar zuenaren ordez hondamendi galanta den honetara?

Gerraren aldeko zein aurkako buru argienetako batzuek iradoki dute erabakigarria izan dela gerragintzaren eskakizunetara moldakorrena izan den egitura industrial-militarren desberdintasuna. Alde batekoak, uste baino askoz hobeto erantzun duela, eta bestekoak, aldiz, askoz okerrago.

Eta, itxuraz, hortik, argienak ez diren gure buruzagiek ondorioztatu dute: «Jar ditzagun gure sosak armagintzan, jatekotik kendu behar badugu ere». Kapitala besterik behar ez balitz bezala. Bejondeiela.

Ehun urte betetzear dituen keynesianismo militarrak, adiera malguan, bi gorpuzte izan zituen, hondamenezkoa bat (III. Reicha), eta «arrakastazkoa» bestea, erabateko hondamendia ekiditea lortu zuen heinean: Gerra Hotza.

Orain proposatzen zaigun remake horrek ez du haietako ezeinen antzik ere. Zorionez?

Search