Merkatu persiarra
Zernahi, denetarik baina nahas-mahasean eta antolamendu itxurarik gabe, saldu eta erosten den lekuari esaten omen zaio merkatu persiarra. Alegia, benetako edozein merkaturen antzekoari. Baina, exotismoaren bila edo, Persiaraino joan zen Ketelbey musikaria bere pot-pourria izendatzeko, eta harrezkero errotuta geratu da esamoldea. Hizpide dugunerako, primeran datorkigu. Persiar golkoa, ziur, mahai gainean izango dutelako Trumpek eta Xik ondorengo egunotan. Edonork ulertuko du, halere, haren parekidea eta aurrendaria omen litzatekeen arkakuso merkatu kontzeptuak ez dirudiela egokiena munduko bi ahaltsuenen arteko tratuez hitz egiteko.
Beijingeko merkatu persiar horretan salerosgai izango diren «arkakuso» erraldoi guztiak zaintzea ezinezkoa izango denez (baten batzuk esan ere ez dizkigutelako egingo, ez batzuek ez besteek; eta esaten zaizkigunetako batzuk asmazio hutsak izango direlako), bizpahiru behatzea erabaki dut nik. Lehendabizikoa, «inbertsioak». Beharbada, aipatu ere egingo ez direnak. Trumpek aspaldiko tema du atzerriko inbertsiotzarrak, baita txinatarrenak ere, AEBra etorraraztea. Dirua erein eta ekonomia loratzen dela deritzolako edo. Baina bere administrazioa Txinari erakusten ari zaion herrarekin, ez dut nik aurreikusten halako kamikazerik Asia osoan.
Soja izango da beste atal bat. Urtarrilean, Txinak ase zuen, orain hurrengo negoziazioetan adostuta, AEBri urtean 25 milioi tona erosteko hitzarmenaren erdia; beste erdia datorren udazkeneko uztarekin etorriko litzateke. Baina txinatar inportatzaile pribatuek Argentinatik eta Brasildik erosten jarraitzen dute, hobe beharrez. Eta datorren uzta hartarakoa omen dator. Antzekoa da petrolioaren kontua. Estatu Batuek berea saldu nahi diote, baina Txinak erosteko grinarik ez. Ñabardura batekin: presio egin asmoz edo, AEBk zigorrak ezarri dizkienean Irandik petrolioa inportatzen jarraitzen duten txinatar findegi pribatu koskorrei... Txinak bere zigorrak esleitu dizkie Trump administrazioari men egiten dietenei.
Zorrotzak daude arkakusoak merkatu persiarrean.
