Europar Batasuneko estatua balitz biztanlez hirugarrena izango litzatekeen arren, albiste laburren ohorea ere apenas lortu duten abenduko lehen astean Gujaraten egin diren hauteskunde legislatiboek. Merezi zuten ba gogoetaren bat.
Zorionez, hauteskunde horien inguruko iruzkin bakanak ez dira oso oker ibili, nire uste trauskilean: 2014tik Indiako lehen ministroa den (eta aurretik, beste hamabi urtez, Gujarateko ministro nagusia izan zen) Narendra Modiren BJPk lortu duen erabateko garaipenak (156 postu, 182tik) adieraziko luke haren alderdiak oso bolada gozoa bizi duela oraintxe bertan. Eta 2024ko maiatzean, Lok Sabha-rako hauteskundeetan Modi izango dela, berriro, BJP eta haren sateliteen aliantzaren hautagaia. Irabazteko aukera guztiekin.
Xi Jinpingek Txinan datorren udaberrian hasiko duen hirugarren agintaldia oraintsu hain gogotik kritikatu dutenei ez zaie, antza, kezkagarria egin Xi baino zaharxeagoa den Modiren hirugarrena. Biden eta Trump baino gazteagoak dira, hala ere.
Gakoa, haatik, ez legoke Modiren jarraipenean, baizik haren «arrakastaren» zergatian. Eta komatxoak ez dira apetazkoak. Egia da Modik aginte gorenean daramatzan zortzi urteetan Indiak hazkunde ekonomiko aparta izan duela; eta joera horri eustekoak direla aurreikuspenak. Baina egia da, halaber, goraldi horren faktore batzuk endogenoak eta ekonomikoak badira ere, beste batzuk exogenoak eta askotarikoak direla.
Demagun, AEBek Txinarekiko gerra ekonomikoa abian jarri izana eta, hartarako ezinbestez behar dituen aliatuen premiagatik, Modi Ukrainako gerrari ateratzen ari zaion zukua ere ez ikusitzat eman behar izatea. Edo Gandhi-tarren Kongresuaren gainbehera gero eta nabariagoa. Edo aurten bertan Himalaiatik etorri diren uholdeak Indo arroan izatea, eta ez Ganges arroan. Edo…
Modik, batzuen eta besteen artean, bereari eusteko erakutsi duen abilezia batere gutxietsi gabe. Probetxua ateratzeko gai denari laguntzen dio barakak.
Modiren «baraka»
Xi Jinpingek Txinan datorren udaberrian hasiko duen hirugarren agintaldia oraintsu hain gogotik kritikatu dutenei ez zaie, antza, kezkagarria egin Xi baino zaharxeagoa den Modiren hirugarrena
