Ukrainarako bakea «50 egunen buruan» adosten ez bazen Errusiari egundoko muga-zerga “sekundarioak” ezarriko dizkiola iragarri zuen Trumpek aurreko astelehenean. Esku-zartaka hartu dute batzuek Etxe Zuriko jaunaren jira-buelta eta gogortasun planta. Baina zergatik ote 50 egun, eta ez 45? Edo 60? Edo...
Kontuak oso oker egin ez baditut, irailaren 2an beteko dira Trumpen mehatxuaren 50 egunak. Kasualitatea: irailaren 1aren eta 3aren artean. Irailaren 1ean amaituko da Shanghaiko Elkarlan Erakundeko estatuburuen urteroko bilera Txinako Tianjinen. Mendebaldeko agintaririk ez, jakina, baina bertan izango dira Xi eta Putin. Biharamunago, handik kilometro gutxira, Tiananmeneko tauladan izango dira bertaratu gehienak, II. Mundu Gerraren amaieraren 80. urtemuga ospatuko duen desfile txinatarra ikusten.
Agintea berreskuratu zuenetik gogotik aldarrikatu du Trumpek Xirekin aurrez aurre hitz egin nahi duela, bien arteko “gorabehera guztiak” onbideratzeko. Zalantzagarria da, ordea, irailaren hastapeneko bi horiek abagune aproposak izatea hartarako.
Gizalegezko samarra litzateke Pekineko desfilerako gonbidatua izatea Trump (Estatu Batuek gerra hartan izan zuten partaidetzagatik); baina seguruenera ez da gustuko gonbidatua Txinarentzat... AEBri abisu argiak helarazteko egiten den desfilean. Antza, Pekinek nahiago luke Tianjineko goi-bileran agertuko balitz... nahiz eta duela hogei urte Erakunde horretan Estatu Batuei begirale estatusa ere ukatu zitzaien. Ikusiko dugu ezer lortzen ote duen azpitik dabilen diplomazia-lanak.
Niri, haatik, egunotan 80 urte betetzen ari den Postdamgo Batzarreko argazkia iradokitzen dit Hiru Handien balizko topaketa horrek: Churchill, Truman (zendua zen Roosevelt ordurako) eta Stalin. Europar petotzat nekez jo ditzakegun hiru, Europako enborraren etorkizuna erabakitzen. Jaltan baino askoz argiago eta zehatzago. Eta han aipatu ere egin gabe, astebete beranduago etorriko zena. Hiroshima eta Nagasaki. Geroztiko mundua.
