Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Primerako aukera

Beste garai batean, aukera paregabea, primerakoa izango zen: mundua zuzentzen (esate bat da) omen duten buruetako bi, elkarrengandik horren hurbil....

Aspaldiko aurrekariekin alderatu besterik ez dugu: duela 55 urte gertatu balitz (ezin, noski, Hanoin, Ho Chi Minhen hiletan), H. Kissingerrek ez zuen James Bond-ena egiten ibili beharko Zhou Enlairekin elkartzeko. Eta hogei urte beranduago B. Scowcrofetek ere ez zuen nazioarteko gaizkile moduan ibili beharko Deng Xiaopingekin hitz egiteko. Aukera aprobetxatu, eta kito.

Baina garaiak gogotik aldatu dira, agidanez. Nguyen Phu Trong Vietnamgo Alderdi Komunistako idazkari orokorraren eta estatuburu ohiaren hiletak ia ezin hurbilago ipini ditu A. Blinken, Estatu-idazkari estatubatuar eta Biden administrazioko kanpo-politikaren jaun ahalguztiduna, eta Wang Huning, Txinako Alderdi Komunistako Politburoko hierarkian laugarrena, batzuek «Kissinger txinatarra» deitu ohi dutena eta, une honetan, herrialdearen «hinterland» hurbilaren gorabeheren kudeatzailea. Bi estratega, esan dezagun.

Bada, hala ere, Hanoin elkarri diosala egiteko betarik ere ez dutela hartu ematen du. Itzultzailerik ere beharko ez zuten arren (ingeles maila txukuna du Wang Huningek, AEBetan egin zuen egonalditik, besteak beste). Aukerek ez dute ezertarako balio giroa guztiz kontrakoa denean.

Alde batetik, Bidenek amore eman eta Harrisen hautagaitza-kanpaina abian jarri izanaren albo-kalte nagusietako bat da Blinkenen etorkizun politikorik eza. Azaroan Etxe Zuriak demokraten esku jarraituko balu ere, ez lioke bere karguari eutsiko, Kamalarekin duen feeling-a zero delako. Eta Pekineko agintaritzan ez duela adiskiderik oso argi geratu da haiengana hurbildu den bakoitzean.

Zhou Enlairen pentsaerakoa (baina hura baino dezente mikatzagoa) den Wangek beste eginkizun bat zeraman, seguruenera, Xiren ordezkaritzan, Hanoira: Trongen oinordekotza zertan den igartzea.

Aukera galtzea zenik ere ez zitzaion otuko Blinkenekin hitzik ez egitea.

Search