Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Txantxarik ez jate kontuak direnean

Ez da Gazako gosete kriminalaren pareko ezer. Baina ondorio potoloak erakar ditzake. Japonian bertan, lehendabizi. Eta mundu-parte zabal batean gerta litekeenaren aurrekari ere izan daiteke, ondoren. «Arrozaren krisia» pairatzen ari da munduko hirugarren ekonomia duela hilabete dezentetik. Goseterik gabe, noski, baina garestitze larriarekin. Horrek, ia ezinbestez, erakarri ohi duen metatze-grina sutu bide du kontsumitzaileen artean, arazoa berrelikatuz. Iazko prezioa halako bi egiten du oraintxe bertan guztiz oinarrizkoa den elikagaiak.

Zergatia, ekoizpen-kontua baino gehiago, merkatu-gorabehera izango litzateke, iturri ofizialek diotenez. Baina zehatz begiratzen jarrita, denetarik legoke. Gobernuak, estualdietarako dauzkan arroz-erreserbak merkaturatzeari ekinez aurre egin nahi izan dio krisiari, baina arrakastarik gabe oraingoz.

Tenore horretan, Nekazaritza ministroak kargua utzi behar izan du (Ishibak bota egin duela, diote beste batzuek). Txantxetan aritzeagatik: «Nik ez dut inoiz arroza erosi. Egia esan, nire jarraitzaileek arroz asko ematen didate. Hainbeste arroz daukat etxean, saldu ere egin dezakedala», bota zuen jendaurrean Taku Eto ministroak, joan den asteburuan. Jendeari, noski, ez dio graziarik egin.

Koizumi lehen ministro ohiaren semeak hartu du Nekazaritza kartera. Uztailaren 22an hauteskunde orokorrak egin behar dira, eta Ishiba-gobernuaren onarpena minimo historikoetan dabil. Ez da erraza Japonian Alderdi Liberal Demokratikoak hauteskundeak galtzea, baina lortze bidean egon daitezke.

Baina arazoak badu beste saihets bat, askoz bihurriagoa. Eta zabalagoa. 2008ko arroz krisialdiaren irakaspenekoak dira orain Japoniako Gobernua erabiltzen ari den erreserba horiek. Eraginkortasun test baten aurrean gaude, beraz. Baina, gainera, oraingoan argi dago ekoizpen krisi bat ere badagoela, Asia Ekialdeko eskualdea bere osotasunean hartuta.

Zergatia? Klima, noski. Ondorioa? Tentsioak areagotzea.

Search