Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Zero covid eta ekonomia

Apirilaz geroztik, Taiwan «zentzatu» egin da, eta baztertu egin du zero covid estrategia. Emaitza: 12.000 hildako eta zazpi milioi kutsatu baino gehiago sei hilabetean. Euskal Herria baino txertatuago egonda

Ohiko erritual guztiarekin Beijingen burutu den XX. Kongresuaren berri zaharretako bat dugu: zero covid estrategiari bere horretan eutsiko diola Txinak aurrerantzean ere, doikuntzak gorabehera. Ezusteko etsigarria eta Xiren agintekeriaren ez dakit nondik norako bitxitasun goibela balitz bezala kontatu dute batzuek. Urtarrilean, Neguko Joko Olinpikoen ondorenerako espero zuten horren akabera; Kongresuaren ondotik orain. Beti, txinatar dohakabeen askatasuna eta munduko ekonomiaren sasoia beste burutaziorik gabe, jakina. Baina ustea, ustel.

Deigarria bada ere, Kongresuan izan diren ehunka kazetari mendebaldarretako ezeinek ez du elkarrizketatu –behintzat ez da halakorik argitaratu; saiatu naiz bila, alferrik– estrategia horren benetako aita pontekoa: Zhong Nanshan doktorea. Bertan zuten bada, delegatua baitzen Kongresurako, Guangzhoutik. Ez dut uste berak uko egingo zienik erantzuteari; ez da maiz agertzen, baina aukera ematen zaionean zehatz hitz egiten dutenetakoa da. Eta komenigarritasun bat du: 2020ko urtarrilaren 18an Wuhanera joanarazi zutenetik, haren iritziari kasu egiten dio Beijingeko aginteak, zirkin egin gabe.

Litekeena da, hala ere, «bere» zero covid estrategiaren jarraipenaren zergatiaz galdetuz gero, Zhong doktorearen erantzuna izatea: «Aizu, begira ezazu nola dabilen Taiwan, hortxe bertan, eta asma zeuk zergatik jarraitu behar dugun geurean».

Hori baita azalbide argi eta ulergarrienetako bat: aurtengo udaberrira arte, zero covid estrategiari eutsi zion Taiwanek, kontinenteko Txinak bezalaxe. Pandemia hasi zenetik 856 hildako zeramatzan, ia guzti-guztiak 2021eko uda hastapeneko agerraldikoak. Baina apirilaz geroztik, Taiwan «zentzatu» egin da, eta baztertu egin du zero covid estrategia. Emaitza: 12.000 hildako eta zazpi milioi kutsatu baino gehiago sei hilabetean. Euskal Herria baino txertatuago egonda.

Eta zer diote datu makroekonomikoek estrategia hori baztertu izanaren onuraz? Bada, begiratu zeuk…

Search