Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Zertarako berrekin proba nuklearrei?

Egunak joan dira Trumpek proba nuklearrei berrekiteko deliberoa iragarri zuenetik, eta ematen du inork –ezta bere manupekoek ere– ez dakitela zer adierazi nahi izan zuen errege ustekoak.

Aldarrikapenaren testuinguruak (Xirekin muga-zergez eta abarrez hitz egiteko eseri aurreko minutuetan egin izanak) emango luke, akaso, argibideren bat: Txinari begira egindako kukurruku taktikoa izango litzatekeela. Hala bazen, ez dirudi oso arrakastatsua izan denik: ez du fitsik aldarazi Pekinen jarrera, ez negoziazio komertzialetan, ez egitasmo nuklearretan. «Ez da zentzuzkoa gu baino askoz armatuago dagoen AEBrekin eta Errusiarekin parekotasunean murrizketak negoziarazi nahi izatea guri» esan du, sintesian, hirugarren mailako bozeramaile batek. Beraz, hago horretan.

Esplikabide alternatiboa −arruntena– litzateke indarrean dagoen proba nuklearrei buruzko moratoria-hitzarmena ere iraungitzat eman nahi duela Trumpek, Gerra Hotzaren azken hamarkadetan, kostata, adostu ziren beste akordio batzuekin egiten ari denaren ildoan. Baina, orduan, galdera da: zertarako?

Proba nuklear errealak, atmosferakoak nahiz lurpekoak, ia erabat alferrikakoak dira aspalditik potentzia nagusientzat (ez, ordea, «hasiberrientzat»); simulazioen bitartez ordezka litezkeelako. Hain zuzen, horixe izan zen moratoria ahalbidetu zuen zio nagusia. Espazioan proba nuklearrak egitea litzateke hortik aurrerakoa... Irmo debekatuta dagoen hori ere sakailatu eta Pandoraren kutxa astrofisikoa irekitzeko prest ote legoke Etxe Zuriko dantzari kontrolgabea?

Bada hirugarren aukera bat: tutik ere ez dakien gaietan muturra sartu ez ezik agindu handiosak eman eta betearazteko beste ariketa bat egin duela Trumpek. Urrutirago joan gabe, adibidez, proba nuklearrei berrekiteko asmoa iragarri baino ordu gutxi lehenago aldarrikatu zuen Yokosukako basean AEBko hegazkin-ontzietan lurrunezko katapultak berrezartzeko agindua emango zuela.

Teknikari eta agintari militar estatubatuarrak beren onera etorri gabe daude oraindik.

Search