Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Amiantoa

Borrokak ez du etenik eta, Otsanda Tolosak esan bezala, balizko zigor judizialez gain, enpresaren «aitortza morala» behar dute zauriak ixten joateko.

Hiltzaile isila deitzen zaio, nahiz eta amiantoak hildako biktimen senideek hiltzaile isilarazia deitzea nahiago duten. Urte luzez jendartean zein lantokietan isilarazia egon baita. «Asbesto» ere esaten zaio amiantoari, baina fibra mikrokospikoz osatutako material hau «uralita» izenez ezagutu izan da betidanik, Uralita enpresak ekoizten zuelako. 60 eta 70eko hamarkadetan oso erabilia izan zen industrian eta eraikuntzan. Uralita oso aproposa da isolamenduetarako, ez du surik hartzen eta merkea da. Hau da, oso errentagarria da egun Coemac deitzen den enpresarentzat. Langileen osasuna lehenetsi ordez irabaziak egin eta amiantoz kutsatutako langileen indemnizazioak ordaintzeko traba judizialak jartzen segitzen du egun.

Azken hamalau urteetan EAEn 354 langile hil ditu silikatoz osatutako hauts ikusezin honek. 2002an Europak debekatu egin zuen, baina berandu helduko da debekua langile askorentzat, ondorioak 20 edo 30 urte berantago atzematen baitira. Amiantoaren ondorioz harrapatzen den minbizia oso mingarria ei da; morfinarekin ere apaltzen ez den tortura bilakatzen da.

Gaixotasunak eta heriotzak frogatzea ez da erraza izaten senideentzat. Horren lekuko da Celestino Tolosaren alaba Otsandak eraman duen «kalbarioa». Hamabost urteko borroka luze eta jasangaitz bat igaro ondotik, epaitegiak onartu du bere aita CAFen kutsatu eta birikak amiantoz beteta zituelako hil zela. Kasu gehiago ezagutu ahala handitzen ari da, han-hemenka, kutsatuen kopurua. Ikerketa ezberdinek datu kezkagarriak aipatzen dituzte, eta datozen urteetan izurri bat heltzear dagoela diote.

11 urteko borrokari esker Espainiako Senatuan funts bat osatzea erabaki dute. Aitorpenerako urrats bat da. Baina borrokak ez du etenik eta, Otsanda Tolosak esan bezala, balizko zigor judizialez gain, enpresaren «aitortza morala» behar dute zauriak ixten joateko.

Izan ere, zauriak izan daitezke azalekoak edo sakonak, baina badira azala ireki ordez begiak irekiarazten dituzten zauriak. Amiantorena izan dadila jendartearen begiak irekiaraziko dituen zauria.

Search