Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

«Bi arnas»

Nekane Txapartegik argi du: «Aitortza politikoa ez da gu biktima bezala onartzea, baizik tortura zeinek eta zertarako erabili duen aitortzea»

Espainiako «demokraziaren» etxean, hots, hango hemizikloan, ikusi genuen Voxeko Macarena Olona diputatu ultra torturatuaren azalean ezarri eta antzezpen iraingarria egiten. Tortura erlatibizatzen eta gutxiesten, torturatuaren testigantza barregarri uzten. Baina arazoa ez da Voxeko diputatu ultrarena soilik. Apenas egon zen salaketa mediatiko eta politikorik. Egin zuen antzezpen merkea anekdota bat baino ez zen izan, torturaren negazionistak ez direlako ultrak edo eskuinekoak bakarrik. Espainiako erresuman babes instituzional, juridiko eta politiko erabatekoa dago. Preso edo iheslariei ongietorriak egitea edota jaietako txosnetan presoen argazkiak ezartzea iraingarritzat hartzen direnean, tortura jasan dutenekiko errespetu eta gizatasun falta handia dago egun oraindik ere.

Adibide bat baino ez. Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal 24 urteko kartzela zigorrera kondenatu du, torturapean egindako autoinkulpazioengatik. Epaileak adierazi du ez dagoela erabat akreditatua torturatua izan dela. Elektrodoek gorputzean utzitako markak dermatitis baten ondorio direla esan du forentseak. Ez da Macarena Olona bakarrik. Sistema oso bat dago, goitik beheraino, torturaren arazoa ezkutatzen duena; areago, torturatzaileak kondekoratzen dituen estatu bat dago atzean. Inpunitatea agerikoa da.

Erlijio kondaira ankerretan baino ez zegoen infernua, Iratxeren ustez. Torturak jasaten ari zela, berak ez zuen hiltzeko beldurrik, hiltzeko gogoa zuen. Haren amak dio iragarrita zegoela torturatu egingo zutela. Beste milaka eta milaka euskal herritar bezala. Tortura ez baita iraganeko kontua, eta zauriek irekita jarraitzen dute. Egun oraindik ere tortura jasan dutenekiko aitortza eta justizia falta dira. Bortizki torturatua eta bortxatua izan zen beste biktima batek, Nekane Txapartegik, argi du: «Aitortza politikoa ez da gu biktima bezala onartzea, baizik tortura zeinek eta zertarako erabili duen aitortzea».

Torturaren negazionisten aurrean duintasunak dauka hitza “Bi arnas” dokumentalean. Inpunitatearen aurrean, duintasuna, zauria orbantzen saiatzeko.

Search