Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Buklean harrapatuta

Larritasun pandemikoaren barruan beste larritasun batzuk daudela onartzeak eta horiek ere kudeatzeak ezinbestekoa beharko luke.

Cynthia Fleury filosofo eta psikoanalistak osasunaren egiazko definizioa zein den gogorarazten du. Osasuna ez da, uste errotuaren kontra, eritasunaren absentzia soilik; ongizate fisiko, psikiko eta mentalaren osotasuna da. Eta pandemiaren kudeaketa hertsiak alde psikiko eta mentala baztertzen ditu, haren ustez. Bizi dugun larritasunari garrantzia kendu gabe eta pandemiak eragindako kalte zuzenak kontuan hartuta, kudeaketa moduak zein hedabidetan hartu duen monopolioak gainontzeko guztia ikusezin bihurtzen du. Pandemiaz landa ez dago ezer eta horrek jendearen psikean eragina duela diosku.

Larritasun pandemikoaren barruan beste larritasun batzuk daudela onartzeak eta horiek ere kudeatzeak ezinbestekoa beharko luke, beraz. Depresioak eta suizidioak areagotzen ari diren testigantzak azaltzen hasi dira, han-hemenka, Baionan, esate baterako, «kasu ostalariak kexu» kolektiboko sukaldari baten suizidioak gordinki erakutsi digun legez.

Betiko neurri eta babesez gain konfinamenduarekin birusa geldiaraziko zen ustea zegoen baina, orain ikusten den legez, konfinamenduak, etxeratze aginduak edo itxiera perimetralak ezarri arren, birusak bere horretan jarraitzen du eta, gainera, areagotzen ari da aldaera berriekin. Eta jendea gero eta nekatuago dago, langileak nekaturik daude eta irteerarik gabeko buklean sentitzen da jendartea, oro har. Une oro agintariek edo arduradunek zer esango, etengabeko estres giroan batzuek depresiora jotzen dute, besteek sumindurara. Baina noizbait hautuak egin beharko dira, bestelako jendarte eredu baten aldeko hautuak, hauturik ez egiteak betikoan jarraitzea esan nahi duelako.  

Goitik agindu moralizatzaileak emanez eta lau paretaren artean hartutako erabakiekin jendeak automata moduan erantzun dezan nahi dute, baina jendea gero eta haserreago dago egiteko manerekin. Eta konfiantzaren arrakala handitzen ari da. Pandemia kudeatzeko modua ere betiko eredu zaharkituaren isla delako.

Search