Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Egiaren tenorea

Zerk desberdintzen du gure jarrera sufrimenduak ez badu kolorerik, negarra berdina bada Alepon edo Ukrainan, bihotz urratuak nahiz oihu etsituak unibertsalak badira Mendebaldean edo Ekialdean?

Ukrainako gerrak ezin hobeto erakutsi digu, nahi delarik, gerratetik, gatazka edo miseria gorritik ihesean datozenak hartu eta babestea posible dela; betebehar morala dela beharturik bere herria utzi duen orori laguntza eta aterpea ematea. Senak aginduta jokatzea da, prepolitikoa erabat, eskua luzatzen duenari bostekoa luzatzea. Gerraren orroa ikaragarria da irudiak ikusita bakarrik ere. Orain Ukrainari egokitu zaio, baina aurretik Palestina, Irak, Afganistan, Libia, Yemen eta Alepo izan dira suntsituak. Zerk desberdintzen du orduan gure jarrera sufrimenduak ez badu kolorerik, negarra berdina bada Alepon edo Ukrainan, bihotz urratuak nahiz oihu etsituak unibertsalak badira Mendebaldean edo Ekialdean? Ahuspez hondarraren gainean itota ikusi genuen Aylan haurrak ez ote zuen merezi gurean errefuxiatu behar izan duen haur ukrainar batek izango duen eskuzabaltasun bera? Etorkizun baten posibilitatea eskaini ahal izatea? Herrialde pobreak deitzen ditugun horiek ustiatu, desjabetu eta pobretu ondoren ogi bila egiten duten horiek ez al dira maila bereko gizakiak? Herrialde oso bat jateko eta edatekorik gabe uztea ez al da beste gerra bat, isilagoa, ikusezinagoa nahi bada –hibridoagoa–, baina gerra?

Urkulluk eta Etxegaraik Santiago zubian loreak Bidasoa ibaira bota eta biharamunean desagertu da, itota ziurrenik, Ibrahim Diallo 24 urteko gazte senegaldarra. Zenbat balio du seme bakarra zuen aitaren saminak? Migrazioa eskubidea bada, zergatik uzten ditugu basoan, itsas zabalean edo kalean, elurpean edo lokatzezko kanpamentuetan hotzez, gosez edo eritasunez hil arte, Historiako pariak balira bezala? Giza trafikatzaileen esku edo Marlaskaren poliziaren «proportzionaltasunaren» menpe Melillan ikusi bezala?

Hipokrisiak baditu milaka aurpegi. Eta, diotenez, zintzotasun falta baino, leialtasun falta ei da hipokrisia. Gezurtiak egitateen kontra egiten duen eran hipokritak bere sentimenduen kontra egiten omen du. Bertolt Brechtek zioen hipokrisia kalitate txarrekoa izaten hasten delarik, egia esateko tenorea heltzen dela. Engoitik mozorroak kentzeko garaia heldu da. Gizakien gainetik begi arrazistak baino ez baitu azalaren kolorea ikusten. Eta elkartasunak ere ez luke azalaren kolorearen araberakoa izan behar.

Search