Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Euria

Bruno Latour pentsalari zendu berriak ekologia klase borroka berritzat zeukan, kapitalismoa klima larrialdiaren erdigunean dago.

Gauzak dauden honetan, klima larrialdi betean eta covid-19ak astindutako garaiotan, lotsagarria da Josu Jon Imazek, Garamendik, Sanchez Galanek eta enparauek egiten duten apologia neoliberala. Azken honek –lehenago ere tarifa finkoa zuten bezeroak tontotzat hartu zituenak–, argi esan du pelikuletako mafiosoen tonuarekin, Gobernu espainiarrak zergak jartzen badizkio irabazi handiak egin dituen bere oligopolioari, tribunaletan ikusiko dutela elkar. Eta gaineratu, abenduko eulia baino lotsagabeago, abokatuek lan ona egitea espero duela. Horra, konplexurik gabeko neoliberalismoaren alardea. Homo economicusaren potreta fidela. Ugazaben azkenaldiko mantra ezaguna da. Langileen soldatak ezin dira inflazioaren arabera igo, baina Patrick Pouyanné-k, TotalEnergies-eko ugazabak, 6 milioiko soldata, hots %52ko igoera, justifikatzen du sare sozialetan. Beste ugazaba batzuekin alderatuz, ez dela handiena esan du. Lotsa barik. Horra zertan den lapur banden etika, garaiotan.

Arrazoi zuen Karl Marxek. Kapitalismoak basakeria dakar. Karl Polanyik ekonomiak jendearen mesedetan egon behar zuela zioen, eta ez alderantziz. Bruno Latour pentsalari zendu berriak ekologia klase borroka berritzat zeukan, kapitalismoa  klima larrialdiaren erdigunean dago. Historiaren amaieraren esapidetik planeta bizigarriaren amaieraren adiera ekarri zuen gogoetara. Yayo Herrero ekofeministarentzat ekonomia kanibal honek gorputzak eta lurraldeak irensten ditu. Demokraziaren pribatizazioa dakar Jule Goikoetxearentzat, bizitzaren kontra eraikitako sistema nekroliberala da.

Ura ere Wall Street-en kotizatzen hasi denetik, ekonomia pentsatzeko modu berriak ere badira hala ere. Honela, justizia sozialak eta trantsizio ekologikoak batera joan behar dute Donuts teoria ezagutarazi duen Kate Raworthentzat. BPGaren adierazlea alboratu eta bioaniztasuna ekonomiaren erdigunean txertatu behar dela dio Partha Dasguptak.

Arrazoi zuen Eduardo Galeanok ere. Plutokratek pixa egiten digute, baina hedabide sistemikoek euria dela esaten dute. Euri azidoa.

Search