Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Greba egunak

Macron aberats handien presidente ultraliberala zela bagenekin. Baina, orain, endemas hipokrita bat dela ere argi gelditu da. Bere burua islatua gelditu baita denen aurrean.

Prestidigitadoreak nola, abilezia handia dauka Macronek mahai gainean diren kartak nahi dituelarik erakutsi eta nahi ez duelarik ezkutatzeko. Erretreten erreforma dela-eta birala egin da duela urte batzuetako bideo bat. Bertan Macronek, bere betiko oratoria harroxkoarekin, dio erretreta adina 65 urtera gibelatzea hipokrita (sic) izatea litzatekeela. Berak ez ei du egingo, jada oso zaila delako 62 urtera ere iristea.

Urte batzuk pasa dira, ordea, orain ezinbestekoa da erreforma hau egitea, bestela, helas, sistema defizitarioa litzateke. Hori da frantziar Gobernuaren egungo dogma trabestitua. Bigarren agintaldiko azken bozketan erreforma hau egiteko mandatua jaso duela ere esan du. Baina datuek erakutsi dute bere programak %16ko aldeko boto baino ez zuela jaso. Gainerakoak Marine Le Peni aitzi egiteko botoak izan ziren.

Beraz, Macron aberats handien presidente ultraliberala zela bagenekin, ISF edo fortuna handienen zerga kendu baitzuen agintera iritsi orduko. Baina, orain, endemas hipokrita bat dela ere argi gelditu da. Bere burua islatua gelditu baita denen aurrean. Txanogorritxuren ipuinean legez, amonarena egiten duen otsoa da, azeriago bada ere. Nahitara ezkutatzen diren zifrak eta datuak kontuan hartuz gero, erretreta sistema ez legokeelako arriskuan. Finantzaketaren arazoa artifizialki puztutakoa da, bestelako politika sozialekin eta irabazi handiak dituzten enpresa handienak zergapetuko dituen fiskalitate justuago batekin sistemaren oreka bermatua baitago.

Beste behin, hortaz, Macronen enegarren atrako ideologikoaren aitzinean gaudela esan genezake. Kapitalismoaren lezioa txintxo-txintxo aplikatzen du. Hots, aberatsak aberatsago bilakatzen ditu eta pobreak pobreago.

Greba eta mobilizazio egun hauetako argazkia aratza da: presidente enrokatu bat, erreforma honen aurka dagoen gehiengo herritarraren aurka. Lehenago ere langile grebalariak «alferrak» eta «zinikoak» zirela dioen presidenteak jendearen haserrea entzun beharko du bozgorailu bihurtu diren kale hauetatik. Ilbeltzeko negu gorri honetatik.

Search