Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Hitz biziak

Heriotza ez dela existitzen entzun nuen lehengoan. Kontzientzia egoera batetik beste egoera edo fase batera igarotzea baino ez dela. Joxe Azurmendiri galdetuko nioke ea zer iritzi duen honi buruz, baina beste batean beharko du. Iluntasunean argi luzeak piztea bezala izan da bere literatura irakurtzea, bere pentsaera ulertzea. Ezjakinontzat itsasargia. Gizabereak garen kontzientzia zor diot. Nazio minorizatua ez ezik, «hautsitako herri bat gara», zioen eta nire burmuin atrofiatuak astintzen zituen. Euskal nazioa berregiteko ezinbestekoa da euskara erdigunean ezartzea. Zergatik eta zertarako euskaldun? Hautu bat da nahitaez. Gure airbag emozionala. Herri gogoa, Volksgeist. Batzuk demokratak diren bezala, gara besteok biolentoak, erromanizatu gabeko espainolak. Kondaira aurreko ganbara zulotik eroritako herria. Hizkuntza eta langile triste zein pobreak dituen herria dugu osatzen. Kolonizatutako existentziekin herria askatu nahirik gabiltzanak. Ontzi hauskorreko argonautak.

Labana zorrotz bat da Azurmendiren pentsamendua. Gauza konplikatu eta korapilatsuak modu errazean esplikatzen zituenetakoa. Zuzen. Aratz. «Libre izatea gauza ikaragarri zaila da, baina hala ere bizitzen jarraitu behar zergatik hiltzen garen konprenitu gabe». Egia da, guk ez dugu Marx bat, ez dugu iraultza handi baten datarik, ez manifestu komunistarik. Baina badugu Manifestu atzeratu bat, goizeko ordu bietan idatzitako panfletoa.

Byung-Chul Han filosofo hegokorearrak dio poesia irakurtzea lanarekin lotu gabe dagoen denbora berreskuratzea dela, Kronosari erresistentzia egitea dela. Azurmendiren “Hitz berdeak” liburua hartu eta hautsa kendu diot. Zenbateko gaurkotasuna, trenetan, busetan parkeetan eta nonahi idatzitako liburuak. Bere eskuetan ernai sortuak «ez atzoko eta ez biharko irakurlearentzat idatziak». Etorkizunerako bai, ordea. Hitz berdeak, hitz egiazkoak. Gaur egun ere beharrezkoak zaizkigunak: 

Orduan bai, eguzki zaharrak
argi berria emanen du.
Astronomoak ez dira enteratuko,
ezta eguzkia bera ere,
baina gu bai.
Eta nahikoa dugu hori.

Search