Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

«Kanon frantsesa»

Aristokrata familiako bi frantziarrek sortutako kontzeptu honen atzean besta giroa, ardoa, saltxitxoia eta Sardouren abestiak daude. Itxura batez bederen. Izan ere “Perikles” proiektuaren sortzaile den Stérin festara batu delarik nabariago ikusten baita Frantzia osoan zehar antolatzen dituzten bankete edo oturuntza hauen atzeko asmoa. Stérin kato-tradizionalista eta ultra aberatsak eskuin muturra eraman nahi du boterera eta prest da borroka kulturalean txertatzen den borroka politiko, ideologiko eta elektorala aitzina eramateko. 

Begiratu batera sinplea da formula. Burduntzian erretako txerria da jaun eta jabe, milaka pertsona mahaien bueltan abesten eta algaraka, orroka ere bai; fier agertzen dira euren txapel eta tiranteekin, Asterix eta Obelixez jantzita, iragan nostalgikoari koipea eman nahian. Frantzia frantziarrentzat dela oihukatzen dute, Bardella bozkatu dutela, aspertuak direla frantsesa ez den beste hizkuntzak entzuteaz, Frantzian ez dagoela arrazismorik, eta ondo pasatzea beste helbururik ez dutela esaten dute. Besta erraldoi bat alegia. Hori bai, egiazko patrioten artekoa, bertako balioak maite dituztenak dira, «beste horiek» ez dauden lekua da oturuntza hau, giro eder eta herrikoi batean egindakoa, «frantziar erara» antolatutako besta baino ez. “La Marseillaise” abestean agur naziak, Vichyko drapoak eta “Erregeari fidelak” bezalako tixertak jantzi arren. «Non dira antifak?» egiten dute orro herriko ostatuetan, «aski zurien kontrako arrazismoarekin, hemen gure etxean gaude» pegatinak dituzte kolatzen han eta hemen. Caen herriko oturuntzako argazki eta bideoak daude. Ondo pasatzea dute helburu. Bistan da. Antolatzaileek oturuntza apolitikoak direla diote. Gauez katu denak beltzak direla esatea bezala da. 

Euskal Herrian Miarritzen dute lehen hitzordua azaroan bestazale zintzo eta jator hauek. Salgai daude jada «euskal banketerako» txartelak. «Nous allons nous régaler». Txapelak eta tiranteak salgai izango dira. Ez dago urrunera joan beharrik. Hemen ere aski frantsesak garela dute erakutsiko.

Search