Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Krisi baten krisia

Frantzian lizeoetako ikasleek abiatutako mobilizazio eta indar erakustaldia itxuraz Europa osora hedatu da eta adituak hasi dira esaten, Udaberri Arabiarrari keinu eginez, ez ote gauden Udazken Europarraren aitzinean. 

Begi bistakoa da arazoa ez dela ikasleena soilik. Handik edo hemendik begiratuta garbi dago arazoa sistemikoa dela, krisi sistemiko baten barruko enegarren leherketa gertatzen ari dela. Kolera hori odolbilduta gelditzen baita hamarkadetan zehar. Eta ultra aberatsak eta beraien jabetza pribatuak defendatzeko sortu zen Gobernuak austeritatea ekarriko duen aurrekontua aurkeztuko duela jakin denean piztu da metxa berriz ere. 

Horregatik da arazo orokorra. Jendearen muga psikologiko eta biologikoak gero eta ageriago daude. Ezinbiziak jendea hiltzen du. Osasuna, hezkuntza, denbora, kultura edo natura ekonomiaren logikan sartuta, errentagarritasunaren buklean txertatuta, menderakuntza ekonomikoa baino ez da eragiten. Ez da erosahalmena, bizi ahalmena da jokoan dagoena. Hartara, zergatik egiten zaigu zailagoa kapitalismorik gabeko mundu bat irudikatzea, eta ez hainbeste horrela ezin dela jarraitu, muga guztiak zeharkatu ditugula jabetzea? 

Desproportzioa agerikoa da. Alde batetik, herritar xume eta langileen bizi baldintzen kaskartzea, ikasleen ikasteko baldintza negargarriak; azken finean, oro har, bizitza bizigarrien euste-hormak arrakalatzen ari dira etengabe. Eta bestaldetik, dirua barra-barra, gerrarako, haien pribilegioak atxikitzeko edota dibidenduak banatzeko. Ez da gehiago kontratu sozialik. Geroa konfiskatua dute gazteek. 

«Faxismoa letaginak erakusten dituen kapitalismoa da», dio Naomi Kleinek. Egun, inoiz ez bezala, zortzi mila atxiloturekin, estatu biolentzia hautatu du Eliseoko egoiliarrak arazo sozialak itotzeko asmoz. Letaginak erakutsiz utziko du bere mandatua. Lehertzen jarraituko duen bolborategi sozial baten legatua utziko etorkizunerako. 

Ez harritu hemendik urte batzuetara berriz ere “Begiratu zure Rolexa, erreboltaren tenorea da” bezalako mezuak entzutea gazteen aldetik. 

Jarraituko du... 

Search