Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Maiatzaren lehena

Mundu hobeago edo bestelako bizi eredu baten aldeko aldarria taupaka dabil lau haizeetara. Une oro denborak harrapatzen gaitu, gertakariak ditugu biziberritzen. Chicagon gertatu zen 1886ko maiatzean. Zortzi orduko lan astea zuten aldarri nagusia. Greba egunak eta tentsioa ziren nagusi. Ondoko urtean, frogarik gabeko ustezko epaiketa baten ostean, bost langile heriotzara zigortu zituzten. Urkabilurra lepoan emanda urkatu zituzten George Engel, Adolph Fischer, Albert Parsons eta Auguste Spies. Louis Lingg-ek bere buruaz beste egin zuen ziegan bertan. Oroimena iraganeko pasarteak eguneratzeko modua ere badenez, gogoratzen ditugu Chicagoko martiriak Maiatzak 1 guztietan.

Denboragarrenera nazioarteko hitzarmen ezberdinek arrazoi eman diete langile haiei, baina, egun oraindik ere, merkatu librearen jainkoak ez du barkatzen, neoliberalismoak bere baitan txertatuta du bortxazko boterea. Eskulan merkea bilatzen du, ehunka milaka bizitza ditu azpikontratatzen, nekeak jota jopu –eta gorpu– bihurtu arte, Qatarren legez, esaterako.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera hiru milioi inguru langile hiltzen dira urtero mundu osoan. 3.000 langile egunero, bi minutuero. Euskal Herrian 17 langile hil ditu kapitalismoak dagoeneko «lan istripuen» eufemismopean. EBean Frantzia da lantokietan langile gehien hiltzen den herrialdea.

2007. urtean Sarkozyk «gehiago irabazteko lan gehiago egin» behar zela zioen; egun Macronek, langileei hobeto bizitzeko bi urte lapurtu ostean, eta gehiengo baten kontra bere erretreta legea promulgatu eta gero, "Lana, Ordena, Progresoa" (Petain mariskalaren "Lana, Familia, Aberria"-ren oihartzuna dariona) izeneko programa aurkeztuko du «lan munduan bizitzaren gaineko hitzarmenaz» hitz egiteko.

«Klase borroka hasi da» zioten Chicagoko gertaeren karietara banatutako milaka esku orriek. Orduko aldarri eta ametsek ernamuindu dituzte egungoak. Mundu hobeago batenak, jendarte justuago batenak. Chicagoko martiriek diosal egiten digutela esaten dute handik.

Search