Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Opor ostea

Akabo. Amaitu dira oporrak eta itzuli gara errutinara. Kurtso berria, ikasturte berria deitzen diotena abian da. Haurrak itzuli dira eskolara. Gurasoak lanera doaz, jaiki orduko gogoa ilun dutela. Ahaztu oporrek utzitako ubera, kendu burutik emoji irribarretsu eta etengabeko like-ak, hor da errealitatea bere ispilu hautsiarekin, eguneroko eginbeharrekin, kate bereko katebegiarekin, betiko albiste eta ekoantsietateekin, gerra hots eta genozidioarekin, bero sapa itogarriarekin, mega uholdeekin, lehorteekin eta suteekin. Munduak berdin jarraitzen du oporren tregoa ondotik, hankaz gora erabat. Seigarren suntsiketa masiboaren atarian. Kapitalozenoaren ondorioak gero eta gordinagoak direlarik. Akaso errazena begiak ixtea litzateke edota bestaldera begiratzea. Geure bizitza prekarizatu eta nekatiei errentagarritasuna ateratzen jarraitzea. Sare sozialetan habitat berria eraikitzea. Uneak bizi beharrean une oro geure buruak erakustea, bidaiatu ordez argazkiak atera eta erakusten jarraitzea; finean gure bizitzak eraiki ordez, bizitza horren irudiak osatzea, besteari jakinaraziz autorrealizatzen baikara gero eta gehiago. 

Eta ikasturte berrian sartuta, entzun dut Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea esaten faxismoa ez dela masa nahasi bat, baizik eta estrategia bat, agenda eta gorputz bat dituen ideologia dela. Eta entzun dugu Espainia defendatu egiten dela, Ceuta Europaren atea dela, Gambiatik zetorren cayuco bat atzeman dutela eta dozenaka ito direla. Eta abar. 

Mundu malapartatu honen errotarriak biraka jarraitzen du, azpian harrapatzen duen oro marruskatzen, giza eskubide minimoenak xehatzen, eskuin muturreko eta ez muturreko aldarri xenofoboak haizatzen. 

Argi dago. Badugu zer pentsatua. Gero eta zilegiagoa begitantzen da kapitalismo osteko munduak irudikatzen hastea. Errealismo kapitalistari alternatibak bilatzea. Alba Garmendiak iradoki bezala, utopiak itsasargi modura ulertuta, baina programa politiko eta ekonomikoekin eraginez. Azken finean, bizitza bizigarriak eraikitzeko.  

“Hau dena aldatu nahi nuke” kantua iltzatu zait garunean. 

Search