Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Garaiak borroka eskatzen du

Urte bateko ibilbidea egin ostean, heldu da bere amaierara Ernairen IV. Kongresua. Pasa berri den kongresu amaierako ekitaldiaz zein kongresu prozesuaz hitz egitera natorkizue, gazte antolakundearen ariketa erraldoi honek atentzio berezia merezi baitu. Ernai etxe izan dugun milaka gazterentzat, Ernaik hezi gaituen milaka militanterentzat, hunkigarria izan da; mugimendu emantzipatzaileetan sinesten duen iraultzaile ororentzako ongi aztertu eta jarraitu beharrekoa, dudarik gabe. Urtebeteko prozesu kolektibo sakona, emaitza argiak eta lan asko ekarriko dituena.

Bergarako pilotalekua bete du Ernaik IV. Kongresuaren amaieran, eta bertan esan eta hartutako konpromisoek arreta eskatzen dute. Hasteko, momentu historikoaren analisi zintzo eta zorrotza, Euskal Herrian zabaltzen ari den ziklo politiko berriaren irakurketa eta ezker independentismoak dituen ardura eta aukeren kontzientzia hartzea. Jarraian, gazte antolakundearen egitekoen zehaztapena, gazteria askapen mugimendura batu eta gazte independentistak sortzeko konpromiso osoa. Eta, azkenik, artikulaziorako eskaintza berriarekin asmatzea, Ernai zabalduz eta gazteriari antolakundearen barruan espazio anitzak eskainiz.  

Hau guztia, ortzi-muga argi batekin: Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna. Horretan ari da Ernaiko kidegoa, horretara batu nahi ditugu askoz gazte gehiago datozen hilabete eta urteetan. Belaunaldi arduratik, zabaltzen ari den gerra eta faxismoaren indartze betean, eraldaketa politikorako baldintzak ahalik eta hobekien baliatzera goaz, eta, horrela, aukera berriak errealitate bilakatzera. Ardura hartzea ez den guztia geure burua porrotera kondenatzea dela dakigulako. Gazteria aktibatzea lortu ezean, askapen prozesuak ezingo duelako aurrera egin, eta merkatuaren gose aseezinak zein espainiar eta frantziar  indar atzerakoiek bidea zabalik izango dutelako.

Asko gara, baina garaiak borroka eskatzen du, eta horregatik askoz gehiago izatera goaz datozen hilabeteetan.

Search