Nazioarteko araudi eta justiziaren gainbehera katastrofikoaren beste pauso erraldoi bat da Venezuelako herria jasaten ari den erasoa. Herrialdearen subiranotasuna mespretxatuz eta deuseztatuz, herritarrek modu demokratikoan botoen bitartez aukeratu duten presidentea bahitu du AEBk.
Maduroren aurkako hilabeteetako kanpaina egin dute medio eta erakunde trumpistek, narkotrafikoaren aurkako operazioak argudiatuz edota Maria Corina Machadori Bakearen Nobel saria emanez. Orain, ordea, oposizioko pertsonaia hau Venezuelan ez dela errespetatua esan eta Trumpen lagunak aurkeztu dira herrialdea zuzentzeko asmotan. Guztia, urteetan gelditu nahi izan duten iraultza bolivartarraren errendizioa bilatu eta petrolio zein mineralen aberastasunaren lapurreta gauzatu ahal zedin.
Garai zailak dira. Zailak batzuentzat, aukeraz beterikoak beste batzuentzat. Eta aukerak ahal bezainbeste baliatzen ari dira batzuk.
Auzia argia da: AEB botere militarra baliatzen ari da aberastasuna pilatzen jarraitu eta botere ekonomikoa mantentzen saiatzeko. Berdin da Palestina, Ukraina edo Venezuela. Berdin dira herriaren nahiak zein sufrimendu eta miseriak. Berdin dira nazioarteko erakundeen akordio eta legediak; izan ere, guztiaren gainetik dago internazional erreakzionario berria. Nazioarteko gorte penalek agindutako Netanyahuren atxilotzea itxaroten ari garela ere gogoratu beharra dago.
Hau guztia arduraz bizi dugu. Porrota dugu aurrean, eta aukera bakarra dago: herri antolatua. Venezuelako herriak erantzun duina emango du. Ematen ari da. Lagundu diezaiegun munduko beste txoko guztietatik. Batu gaitezen herrien burujabetzaren defentsan eta inperialismoaren aurka.
Bart Venezuelako PSUVk esan bezala, «¡Unidad, Lucha, Batalla y Victoria! ¡Venezuela vencerá para bien de la humanidad!».
