Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Tekno-oligarkak eta pupusa feministak

Asteon, bizitzan lehen aldiz probatu ditut marakuia eta ranbutanak, artozko tamalak, eta frijolez beteriko pupusak. El Salvadorretik idazten dut: hona etorri gara Euskal Herritik, Erdialdeko Amerikako emakume indigena, defendatzaile eta feministen topaketetan parte hartzera. Nikaragua, Guatemala, Costa Rica, Mexiko, Honduras, Panama eta El Salvadorreko emakume eta genero disidenteekin egoteko aukera izan dugu, eta hainbat izan dira gureganatutako irakaspenak.

Topaketak hasi orduko, “La Brujula” aldizkariak eta Ixchel emakumeen kolektiboak antolaturiko hitzaldi batean parte hartzeko aukera izan genuen. Espazio publikoaren disputaz, eta biolentzia politiko eta digitalaren aurrean erresistentziarako estrategiez jardun ziren Claudia Palacios eta Ana Gomez, besteak beste. Adimen artifiziala abiadura bizian hedatu da, eta eraldaketa estrukturalak ekarri ditu. Espazio digitala ezinbesteko guda eremua da orain, eta ez da neutrala; ez da bitarteko soil. Zorrotz azpimarratu zuten: plataformen arkitektura da bere horretan biolentziaren sortzaile.

Hainbat galdera aireratu zituzten: Nola biralizatzen dira mezuak plataforma horietan? Zergatik eragin dezakete horrenbeste profil anonimoek? Nork erabakitzen du zein datu eman eta nori? Onargarriak al dira gorroto diskurtsoak adierazpen askatasunaren izenean?

Gorroto diskurtsoaren hedapena ordaindu egiten da, eta emakumeen aurkako ariketa digitalak dimentsio ikaragarria hartzen du: emakumeak biluztu egiten gaituzte, milaka iruzkin sexista errepikatzen dira sare sozialetan, eta kriminalizazioa modu masiboan erabiltzen da biolentzia patriarkalen gaineko analisiak baliogabetzeko. Horri guztiari, estatu autoritarioen errepresioa eta zentsura gehitu behar zaizkio. 2025ean, gutxienez 53 kazetari zeuden erbesteratuta El Salvadorren.

Gaia ez da edonolakoa; tekno-oligarken boterearen eta biolentzia digitalaren analisiak gero eta garrantzitsuagoak dira, eta horren jakitun, eskerrak ematea soilik geratzen zait Erdialdeko Amerikako kideen teorizazio feminista horiek lehen pertsonan entzuteko aukera izateagatik.

Search