Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Fatxak baino zerbait gehiago

Madrilismotik, Trumpismotik eta Europako teknokrazia eredutik gerturagotzen ari den joera gurera etortzen denerako, hobe prestatuta egotea

Ez dut ezagutzen inolako azterlanik lan-jarduna amaitu eta garagardoak hartzea herri baten askatasun mailarekin lotzen duenik, baina Espainiako politikak hainbesteko kainismo eta tentsio maila du, non bere aktoreek asalduraren ertzean kokatzea lortzen duten. Madrilzentrismoan oinarritutakoko hauteskunde logikatik harago, orain arte ikusitakoek hemen eraginik izango ote duten aztertzeak merezi du. Diskurtso politikoan egiaren bila doan argumentazioa kosta ahala kosta saihestu da.

Baina zeren alde? Eskuarki, balioen aldeko apelazio bat marraztearen alde, eta, zortez, gehiengo batek balio-multzo horrekin bat eginez: komunismoa/askatasuna, edo, azken txanpa honetan, demokrazia/faxismoa. Modu intuitibo horretan egindako juizioak, askotan gu jabetzen ez garen faktoreetan oinarritzen dira, eta faktore horiek nahita manipulatu daitezke emaitzan eragiteko. Eta funtzionatu egiten du. Jokabide mota hori badakigu egia bilatzeko argudioaren kontrakoa dela eta ez duela integritate intelektualik erakutsi beharrik.

Madrilismotik, Trumpismotik eta Europako teknokrazia eredutik gerturagotzen ari den joera gurera etortzen denerako, hobe prestatuta egotea. Ezkerraren eta eskuinaren arteko narratiba lausotuago ageri denean, eta demokraten eta faxisten arteko polarizazioa gertatzen den heinean, aldatu ez den eskema bakarra gizartearena da: desberdintasun sozioekonomiko garrantzitsuen arabera banatuta jarraitzen du. Aspaldian, ordea, alderdien arteko konfrontazioek ez dute XX. mendeko bereizgarri izan ziren gatazka ideologikoetara eramaten. Aurkari baino areriotzat hartzen dira parekoak, eta horrek hizkuntza politikoaren gero eta toxikotasun handiagoa eragiten du, helburu berberak eta ikuspuntu desberdinak dituztenen arteko lankidetza zailtzen duena. Sakoneko berrikuntza politiko batek erantzun diezaioke horri: demokrazian oinarritutako balioak sustatu ez ezik, konfrontazioaren politika prestigiatu daiteke, eztabaida publikoen kalitatea aberastuta eta, batez ere, herritarrek deliberazioaren politikara salto egiteko aukera izanda.

Search