Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

«Mea culpa»

Denok egiten ditugu akatsak, baina akats horien eta lantaldearen erantzukizuna beren gain hartzeko moduak bereizten ditu kudeatzaile soilak lider handietatik.

Lidergoak arrisku egoerak sor ditzakeen erabakiak hartzea dakar. Arriskatzeak ez du beti bermatzen emaitza positiboa izango denik; beraz, liderrek, gainerako pertsonek bezala, porrotekin bizi behar dute. Desenkusa eta damuaren kultura, ordea, garestia da oso gure herrian.

Martxo amaieran, Angela Merkelek osasun-krisiaren kudeaketari eta Aste Santuan osasun-arauak gogortzeari buruz esandako hitzek harrituta utzi gintuzten denok: «Akats hori nirea da, nire akatsa besterik ez. Izan ere, azkenean, nik daukat guztiaren erantzukizuna. Sentitzen dut eta barkamena eskatzen diet herritarrei, eragin ahal izan diedan nahasmenagatik». Angela Merkel beste lidergo ereduekiko are gehiago nabarmendu zen: beren akatsak onartzeari uko egiten diotenekiko edo kargua utzi ondoren, beranduegi, egiten dutenekiko, presiopean eta ezpain-traba gehiegirekin, askotan. Zer dela-eta horrelako jarrera oldarkorra? Irabaziak gutxietsi eta kostua gehiegi estimatzen duten figurak direlako. Herritarren aurrean apaltzeak ahulezia ekarriko ote dien beldur direlako. Beren akatsak onartu eta zintzoki desenkusatzen diren liderrek beren irudia hobetu, humanizatu eta prestigiatzen dutela iruditzen zait; eta, konfiantza eta sinesgarritasunean esponentzialki irabazi. Norberaren erantzukizuna onartzea norberaren boterea publikoki erakusteko modu bat ere bada. Lider batek gertaera negatiboak kanpoko kausei egozten badizkie, ziurgabetasun eta inpotentzia-irudia transmititzen du. Enpresa munduan, liderrek emaitza txarrak kanpoko kausekin lotuta daudela iradokitzen dutenean, akzioen prezioak behera egiten du. Eta, alderantziz, barne-arrazoiak onartu eta irtenbideak proposatzen dituztenean enpresaren akzioen balioa handitzen da. Zergatik? Lider horiek egoera kontrolatzen dutela erakusten dutelako. Erantzukizun oro ukatzea ez al da norbere akatsetatik ez ikastea iradokitzea? Denok egiten ditugu akatsak, baina akats horien eta lantaldearen erantzukizuna beren gain hartzeko moduak bereizten ditu kudeatzaile soilak lider handietatik.

Joaquin Beltranen gorpuaren beilatoki zabor-biltegi bat bilakatzen denean, huts egiten duena ez da kudeaketa soilik, beste zerbait da.

Search