Oihane Zabaleta
Oihane Zabaleta
Tokiko garapenerako teknikaria

Pribilegioak

Justiziak eta gizarteak bere horretan ulertu beharko lukete tratu txarrak ematen dituen pertsona bat ez dela aita ona, edozertarako gai dela.

Sigmund Freuden hasierako ikerketa psikoanalitikoaren hipotesietan ez zen sartzen gizakiak (izaki bizidun guztiak bezala) heriotza-instintu batengatik mugitzen zirenik. Lehen Mundu Gerrako sarraskiek sortu zioten asaldura intelektual eta moralarekin hasi zen hasierako ideia garatzen eta pertsonen onberatasunaren gaineko ezkortasuna areagotu zitzaion. Londresen hiltzear zegoela, 1939ko irailean, Bigarren Mundu Gerra azken gerra izango ote zen galdetu zioten. «Nolanahi ere, nire azken gerra da», erantzun zuen.

Geroztik milioika pertsona hil dira indarkeria politiko eta sozial mota guztien ondorioz eta komunikabideen bitartez bortizkeria gordin eta fisikoak irenstera ohitu gara, baita emakumeen aurkako indarkeria tipologia guztietara ere. Indarkeria fisikoa ez ezik, sinbolikoa ere existitzen da eta harreman sozialak deskribatzeko erabiltzen da. Bikote harremanetan, menderatzaile gizonezkoak zeharkako indarkeria erabiltzen du menderatuaren aurka. Honek eta bere ingurukoek ez dute indarkeria hori agerian jartzen eta/edo ez dira ohartzen haien aurkako praktika horiez, eta, beraz, menderatzailearen konplize bihurtzen dira.

Genero indarkeriarekin lotutako tratu txarren adierazpen anitzen artean, bada bat bereziki sadikoa eta ankerra: biolentzia bikarioa deitzen zaio, eta amei kalte egiteko seme-alaben aurka erabiltzen dena da. Gizon batek seme-alabak kaltetzeko edo hiltzeko jokabide bortitzen atzean egon ohi dena profil psikopatikoa eta nartzisista da, gai ez dena besteen minarekin enpatizatzeko, oraindik ere, oso errotuta dagoen nagusitasun matxista duen gizarte batek berresten duena.

Apiril amaieran bere bi alabekin batera desagertu baino lehen, Tomas Gimenok emazte ohiari esan zion ez zituela alabak berriro ikusiko, ezta bera ere. Justiziak eta gizarteak bere horretan ulertu beharko lukete tratu txarrak ematen dituen pertsona bat ez dela aita ona, edozertarako gai dela, ez bakarrik bikotekidearen aurka, baita seme-alaben aurka ere.

Pribilegio-sistema batekin jarduten duen gizarte batean bizi garela ez jakiteak horiek bere horretan jarraitzea ahalbidetzen du, pribilegioak beti lortzen baitira norbaiten eskubideen kontura.

Search