Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Finlandia eta Suedia NATOn ez sartzeko Erdoganek eginiko mehatxuez harago

Recep Tayip Erdogan Turkiako sultan neotomandar islamistak hautsak harrotu ditu, Finlandiak, eta hala erabakiko balu Suediak, NATOn sartzeko eginiko eskaerari betoa ezarriko diola mehatxu egin baitu.

Mehatxua gogo onez hartu du Errusiak, Eskandinaviako bi herrialdeek neutral izateari uztea kezka handiz ikusten baitu –atzo deitu zion telefonoz Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak Vladimir Putin presidenteari–.
Ameriketako Estatu Batuei, ordea, ez omen die inolako graziarik egin Turkiako presidentearen ohartarazpenak.  Hala ere, nahiko lasai agertu dira AEBak eta bere kide militarrak. Washingtonek «Turkiaren jarrera argitzeko lanean» diharduela esan du.

Auzia noraino iritsiko den jakin gabe, ez da Erdoganek horrelako mehatxuak egiten dituen lehen aldia. Istanbuleko alkatea maisua da bazterrak nahasten, bai barnera bai kanpora begira, zerbait aterako duen itxaropenez.  

Boterean jarraitzeko Turkiako ultraeskuinarekin (otso grisak) akordio sendoak dituen presidenteak harreman korapilatsuak ditu Errusiarekin eta Mendebaldearekin. Lehen kasuan etsaia baina lehiako kidea ere bada Libian, Sirian, Karabakh Garaian... Eta bere lagun Putini Finlandia eta Suedia NATOn sartzearen aurka dagoela erakutsi behar dio.

Mendebaldeari begira, AEBek Turkiari F16 eta F35 ehiza-hegazkin bonbaketariak saltzea geldiarazi zuen Erdoganek, Errusiari S-400 misilen aurkako sistema erosi zionetik. Siriako kurduei Pentagonoak ematen dien babesa ere ezin du jasan Erdoganek eta, batez ere, Suediak errefuxiatu kurduei ematen dien babesa salatu du. Espero dezagun kurduak galtzaile ez ateratzea joko zikin honetan.

Search