Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

«Matrikulen gerra» Balkanetan

Kosovo «Serbia da»  ohikatzen dutenei esaiezu kotxean Serbiakoa ez den matrikula ofiziala jarri behar dutela

Hilabeteak daramatza Kosovoko Gobernuak ibilgailuei herrialdeko matrikula ofiziala jartzeko agindua bete nahian. Gutxiengo serbiarraren aurkako jarrera ikusirik, Europako Batasunak muga-epea atzeratuz.

Azkena joan den asteburuan iragarri zuen Pristinako Gobernuak, eta benetan azkena izango dela ohartarazi zuen. Azaroaren 21etik aurrera, isunak jarriko dizkie matrikula serbiarra eramaten dutenei. Eta apirilaren 22az geroztik Kosovoko matrikula ofiziala erakustea ezinbestekoa izango da.

Bide batez, Albin Kurti albaniarraren Gobernuak kargutik bota egin du Kosovoko iparraldeko gutxiengo serbiarraren polizia burua, Nenad Djuric.

Horrek hautsak harrotu ditu oraindik 150.000 serbiarrek osatzen duten gutxiengoaren artean. Lehen indarra den Zerrenda Serbiarrak (Sprska Zerrenda) Pristinako Gobernutik eta Parlamentutik alde egin du eta Kosovoko iparraldeko lau udaletako kargu guztiak utzi egin ditu. Gogoratu gutxiengo serbiarraren erdia baino gehiago iparraldeko Mitrovica inguruan bizi dela.

Kosovok Serbiari egotzi dio matxinadaren erantzukizuna baina Belgradek, 2013an Bruselan serbiarren udal-elkargoa osatzeko Pristinak onartu zuen akordioa bete ez izana leporatu dio.

Esan gabe doa Vetevendosje (Autodeterminazioa albanieraz) alderdiaren buruzagi  den Kurti lehen ministroak ez duela gutxiengoaren haserrea leuntzeko asmo handirik. Bere garaian Serbiak ekin zion albaniarren aurkako garbiketa etniko bera pairatzea tokatu zaion gutxiengoarena.

Ukrainan ere antzera gertatu zen. Ukrainar abertzaletasuna aldarrikatze aldera gutxiengo errusiarra eta errusiera bera baztertu egin zituen Kievek, Moskuri gutxiengo horiek beren interesetan erabiltzea ahalbidetuz.

Errusia berehala atera da EBri, eta batez ere NATO eta AEBei, Balkaneetan giroa nahastea egotziz. Aitzitik, Mendebaldeak giroa baretzeko dei egin du. Baina potentzia arrotzen protektoratuaren kontrakoa den Kurtiren alderdi independentistak ez dio jaramon handirik egin.

Dena den, badirudi Kosovon bizi diren serbiar askok ez dutela aitzakia handirik behar. Aurreko asteburuko manifestazio jendetsuetan lelo bat nagusitu da: «Hau Serbia da!».

Joan dadila nahi duena hauei kotxean Kosovoko matrikulak jarri behar dutela komenzitzera... Kontuz, bihurguneak datoz.

Search