Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Talibanen dilemak bost axola zaizkie emakume afganiarrei

Talibanak iazko abuztuaren 15ean Kabulera tiro bat bota gabe sartu zirenean bi ildo nagusitu ziren rigoristen itzuleraren inguruan.

Batak zera zioen, AEBen inbasioak desegin zuen 1996-2001 urte arteko Emirerri Islamikoaren erru eta gehiegikeriak eta okupazioaren aurkako 20 urtetako borroka ikasgaiak izan zirela talibanentzat eta aldatu egin direla.

Bestearen iritziz, talibanak beti talibanak izango dira eta funtsean, keinu batzuk alde batera utzita, islamaren inguruan egiten duten interpretazio rigorista beti gailenduko da.

Hasiera hasieratik, bai gobernua osatzeko orduan eta baita ere lehen neurritan, nabariak izan dira talibanen mugimenduaren baitan barne-tirabirak.

Hiriburura iritsi ziren gerrilariak AEBen okupazioaren aurka askapen nazional-borrokan erroldatutakoak ziren, shariaren eta jurisprudentzia islamikoaren inguruko eztabaidek bost axola zaienak. Eta hauen atzetik iritsi ziren urteak Dohan (Qatar) Washingtongo ordezkariekin negoziatzen eman zituzten taliban agintari diplomatikoak.

Hala ere, berehala hartu zuten Kabulerako bidea ere Kandahar mugimenduaren hiriburutik eta hegoaldeko nekazal-Afganistanetik betiko talibanak, historikoak, emakumearen eskubideen gainetik ahuntzen larreari garrantzi gehiago ematen diotenak.

Talka horrek argitu dezake talibanen gobernuak erakusten duen noraeza.

Litekeena da, baita ere, talibanek emakumeen auzia Mendebaldearen aurrean presio moduan erabiltzea. AEBek ez dizkiete afganiarrei itzuli Kabulgo Banku Zentralean gordeta zeuden urrea eta dolarrak. Eta talibanek nazioarteko laguntza ezinbestekoa dute eta ez dute nahi laguntza hori GKEen bidez bideratzea. 

Dena den, talibanen barne-«pluralismoa» eta Afganistanetik era lotsagarrian alde egin behar izan zuen Mendebaldearen mendekua pisu handiko argudiak izango dira. Baina bata zein bestea aitzaki moduan erabiliz Afganistango emakumeen eskubideak bahituta mantentzea kriminala da. Maiuskulaz.

 

 

 

 

 

Search