Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Etxe bat norberarena

Egiturazko arrazoiez gain, nago kultura horrek eragiten duela gazte andanak habia uzteko gogo bizirik ez izatea.

Virginia Woolf idazlearen "Gela bat norberarena" eleberria ikono bihurtu da feminismoak aldarrikatzen duen emakumeen bizitza-autonomia hizpide denean. Lehengo batean «Eskatzen hasita, etxe bat norberarena» idatzia ikusi nuen nonbait. Burutazio umoretsuak barre-algara eragin zidan baina, berez, gai sakona da esaldiak adierazten duena. Giza autonomia eskubidetzat joz gero, «nork bere etxea» izateak ezinbestekoa dirudi. Egunotan irakurri dugu Hego Euskal Herriko gazteak batez beste ia 30 urterekin emantzipatzen direla; Europan, berriz,  26rekin egiten dute, eta Finlandian, esate baterako, 19-20rekin. Ez al da harritzeko modukoa?

Ezagunak dira euskal gazteen emantzipazio berantiarrak dituen sustrai ekonomikoak eta politikoak: Lanaren izaera prekarioa, hipoteka ordaintzeko bermerik ematen ez duena, etxebizitzaren eta alokairuaren prezioak, eta horri aurre egiteko politika indartsu eta sakonik eza. Egoera ez da samurra eta, batzuetan, lazgarria ere izan liteke.

Alta, arazo honek guztiak badu beste alderdi bat gutxitan aipatzen dena. "Emantzipazioaren kultura" deitu diezaiokegu. Zinez ahula da gure artean eta belaunaldi gaztea zein zaharra, bi-biak, gara horren erantzule. Emantzipaziorik ezak pribilegioak dakarzkio gazte sektore jakin bati, aitor dezagun. Unibertsitateko ikasle askok, lanean hasi ez badira ere, kreditu txartela daramate aldean, autoa dute eta atzerrira bidaiatzen dute, normaltasun osoz, urtean bizpahiru aldiz. Hori ezinezkoa litzateke hipoteka edo alokairua ordaindu beharko balute. Ezinezkoa zen guretzat, gazte horien guraso garenontzat. Eta zer esan gutaz? Ume gisa tratatzen ditugu gobernua aukeratzeko adina duten seme-alabak. Ematen du ez dakigula  haurtzarotik datorren joerari iraungitze datarik jartzen. Egiturazko arrazoiez gain, nago kultura horrek eragiten duela gazte andanak habia uzteko gogo bizirik ez izatea. Zer abantaila dakar gurasoen etxeko giro atsegin eta epeletik alde egiteak? Autonomia versus ongizatea: horra hor dilema.

Search