Artean lankide gehienok euskaldun berriak ginen. Behin, lotsatu antzean aitortu zigun euskaraz bikain egiten zuen gutako batek bere etxeko hizkuntza bakarra euskara zela, emaztearekin amodioa egiteko orduan izan ezik. Niri neuri harrigarria iruditu zitzaidan aitormena eta behin baino gehiagotan gogoratu naiz hartaz: ohean zergatik ez? Joan den astean berriro etorri zitzaidan gogora lankide hura, etxe barruko euskararen erabilerari buruzko datuak irakurtzean. Eustat-ek jakitera eman du alde nabarmena dagoela euskararen ezagutzaren eta etxeko erabileraren artean. Euskaldunen %71k gaztelaniaz egiten omen dute etxe barruko harremanetan eta %13k bakarrik egin ohi dute euskaraz. Harritu egin naute ehunekoek, nahiz eta ikerketa estatistikoetara jo gabe, nahiko argi ikusten den horixe dela joera. Gutako askorentzat euskara «kaleko hizkuntza» da, lagunartean, lantokian, tabernan, ekitaldi kulturaletan edo bilera politikoetan erabiltzeko. Etxe barruko intimitatean, ordea, besterik da gertatzen dena eta ez nabil sexu harremanei buruz berbaz. Seme-alabekin, adibidez, euskaraz egiten da txikiak direnean. Euskara entzuteko probabilitatea esponentzialki hazten da jolas-parke batera hurbilduz gero. Haurrak hazi ahala, ordea, kontu seriorik ez euskaraz.
Asko izan daitezke joera horren arrazoiak, dudarik ez. Haietako bat da, nire ustez, guraso askok men egiten diola seme-alaben inertziari eta ez direla gai argi eta garbi adierazteko etxeko hizkuntza euskara besterik ez dela. Gurasoek euskararekin duten harremana izan liteke beste bat. Euskara aipatutako gune publikoetan baino erabiltzen ez badugu, hots, euskara ez bada gustura egiten dugun eta etengabe hobetzen saiatzen garen hizkuntza… Seme-alabek igarri behar dute gurasook euskara maite dugula, ez dela eskolaren kontua bakarrik. Leku askotan, euskarari eusteko irmoki maitatu behar da hura eta maitasun horren iturburu ezin hobea etxea da. Helduok gogoeta zintzo bat egin beharko genuke: etxean zergatik ez?
Etxean zergatik ez?
Gutako askorentzat euskara «kaleko hizkuntza» da, lagunartean, lantokian, tabernan, ekitaldi kulturaletan edo bilera politikoetan erabiltzeko. Etxe barruko intimitatean, ordea, besterik da gertatzen dena
