Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Gure baitako medikua

Garai batean esaten zen euskaldun guztiok generamala filologo bat geure baitan. Edonor sentitzen zen legitimatuta euskaraz zer zegoen zuzen eta zer oker ebazteko. Euskaltzaindiak, adibidez, ez zuen egun duen autoritatea hizkuntzaren zuzentasunaz arauak ezartzeko. Irudipena dut antzeko zerbait gertatzen ari dela herrialde modernoetan osasun arloan. Edonor sentitzen da gai baieztatzeko janari bat, adibidez, oso ona dela gaixotasunaren kontrako borrokan, dela minbizia, dela diabetesa, dela alzheimerra... Denok daramagu mediku bat geure baitan, osasuna obsesio bilakatzeraino. Mirariak egiten dituzten elikagaietan sinesten dugu erlijioa balira bezala, halako moldez non batzuk hasi baitira «salutismo» izeneko patologiaz hitz egiten.

Argi dago zientziak aurrera egin ahala jakintza berriak sortzen direla eta horietako batzuk, zalantza barik, geure burua elikatzeko moduetan eragin zuzena dutela. Eta izan behar dutela. Zientzialarien zeregina ere bada dibulgazioa; hau da, jakintza zientifikoa herritar xumeen eskura jartzea gure bizimodua hobetzeko helburuarekin. Eta Administrazioaren betebeharra da osasun publikoari arreta jartzea, arrazoi etiko eta ekonomikoengatik. Alabaina, arazo bat ikusten dut nik «ahuakatearen aroa» dei geniezaiokeen honetan; hain zuzen ere, bizitza erdia gogor ikasten jardun den medikuari jaramonik ere ez zaiola egiten. Norbera jaun eta jabe da zer komeni zaion ebazteko. Horri gaixotasunaren autogestioa deitu ahal zaio batzuetan, baina gehienetan zentzugabekeria besterik ez da. Gizarteko sektore batzuetan modan dago sendabelarrak saltzen dituenaren aholkuan edo Interneten irakurri duen ustezko aurkikuntza zientifikoan bete-betean sinestea. Eta zalantzan jartzen du bere medikuak agindutakoa egin beharra. Botikak deabrutu egiten ditugu eta zenbait elikagai edo ohitura jainkotu. Berez, zientziarekiko mesfidantza dago joera horren atzean eta gogoeta sakona merezi du. Ona da nor bere osasunaz arduratzea, baina ez Googleren esku uzteko!

Search