Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Kontsentsua

Honatx nire zalantza: zergatik ezin dugu ikusi aurrerapauso gisa EH Bilduk PSErekin eta EAJrekin hezkuntza arloan hitzartutakoa?

Eragin sozial eta politikoa eskuratzen den neurrian, joera egoten da mesfidantzaz begiratzeko desberdinen arteko balizko kontsentsuari. «Kontsentsuaren kultura» gaitzesten da, horrela, bidean balio garrantzitsuak bazter uzten direlakoan. Ezkertiarron artean gertatzen da hori, batez ere. Bada, kontsentsuaren kultura indartzearen alde nago ni, galtzeko gehien duena izaten delako mahaitik altxatzen den azkena.

Izan ere, kontsentsuaren behar gorria dugu batzuetan, gauzak aldatu nahi baldin dira, behintzat. Bestela, erresistentzia hutseko lubakietan babesteko arriskua dago, eta hor gutxi batzuk bakarrik sentitzen dira eroso. Are gehiago, kontsentsu bat lortzen denean ez da ezkerra zerbaitetan amore eman duen bakarra; gainerakoek ere zerbait utzi behar izan dute bidean. Kontsentsu jakin bat ezkerraren arrakasta gisa ere uler daiteke, beraz, eta kontsentsua eraikitzean datza demokraziaren funtsa.

Egia da indar harremanen egoerak zeharo baldintzatzen duela kontsentsuaren emaitza. Eta, sarritan, ez da posible izaten kontsentsua erdiestea, emaitza hori onartezina iruditzen zaigulako. Baina kontsentsua eztabaidaren ondorio ere bada eta demokraziaren funtsezko oinarria da eztabaida.  Ongi etorria izan dadila, beraz, eztabaida, ezinbestekoa eta aberasgarria baita beti. Eta honatx nire zalantza: zergatik ezin dugu ikusi aurrerapauso gisa EH Bilduk PSErekin eta EAJrekin hezkuntza arloan hitzartutakoa? Hobetzeko asko egongo da, dudarik ez, baina abiapuntua bera –hiru indar politiko horien arteko akordioa– lorpen garrantzitsutzat hartu beharko litzateke, nire ustez. Erka dezagun, bestela, 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legearen harira egon zen giro mikatzarekin. Barne lurrikara pairatu zuten alderdi eta sindikatu abertzale guztiek, bihotza urratzeraino. Ordutik hona, hezkuntza komunitatearen arazoak eta kezkak, euskararen egoera soziala, testuinguru politikoa… dena aldatu da. Hala ere, irudipena dut zenbait sektoreren mesfidantzaren oinarrian aurreiritzi zaharrak daudela, batez ere. Hortaz, ez diezaiogun  eztabaidari ihes egin, baina déjà-vu bat izan gabe, otoi.

Search