Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Lagun estralurtarra

Zer dugu buruan, «euskal komunitatea» aipatzen dugunean? Edo Euskal Herria «euskararen herria» dela diogunean?

Aspaldiko laguna dut, baina ez da euskalduna. Ez du "Kristalezko begi bat" eleberri zoragarria irakurri. Ezin dut berarekin euskal literaturaz hitz egin, baina nire inguruko euskaldun askok ere ez dakite nor den Miren Agur Meabe. Tamalez.

Inoiz ibili da euskara ikasten nire laguna… arrakastarik gabe. Galdutzat eman du gerra hori. Zintzo-zintzo, «kaixo!» batez hasten da, hala ere, edonorekin berbaz eta ez daki Bizkaian ez dela ohikoa hitz hori erabiltzea. Nik ez diot zuzentzen. Berak argi utzi nahi du euskara laket duela, halako moldez non aurtengo Korrikan lekukoa eraman duen, baita harrotasunez eraman ere! Alaba auzo langile eta erdaldun bateko ikastolara eraman zuen eta garai hartan jardun militantea zen horrelako ikastola bateko guraso izatea. Zenbat txosna, zenbat Olentzero, zenbat ordu ematen zuten gurasoek, dirua ateratzeaz gain, auzoan euskara «ikusgarri» izan zedin. Eta hor arrakasta erdietsi du: gaixoak euskaraz artatzen dituzten mediku horietako bat da alaba. Biloba ere bikain mintzo da euskaraz, herriko eskola publikoari esker, besteak beste.

Abertzalea da nire laguna, esan gabe doa. Gutxitan joaten da Nafarroara eta, are gutxiagotan, Ipar Euskal Herrira, baina duda izpirik ere ez luke adieraziko Maule-Lextarreko edota Tuterako herritarrak aberkidetzat dituenetz galdetuko bazenio. «Euskal Herrian bizi dira, ezta? Bada, non dago zalantza?», erantzungo lizuke, lasai ederrean. Zenbat euskara egiten den leku horietan ez daki, baina ederto ezagutzen ditu nazio lurraldearen mugak.

Nire lagunaren modu-moduko euskal herritar andana dago. Egunkari honen irakurle dira, adibidez. Zaharrak eta gazteak, bizitokiaren arabera, abertzale guztiok ez baikara euskaldunak. Eta Euskal Herrian bizi garen guztiok ez gara ez abertzale, ezta euskaldun ere: euskal herritarrak gara eta hiru hizkuntza –nagusiki– erabiltzen ditugu. Zer dugu buruan, ordea, «euskal komunitatea» aipatzen dugunean? Edo Euskal Herria «euskararen herria» dela diogunean? Batzuetan pentsatzen dut euskal gizartea irudikatzen dugula erdaldunak –abertzaleak izan edo ez– estralurtarrak balira bezala.

Search