Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Nire herriko eskola

Beldurra ere ematen du gure artean hezkuntzaz eztabaidatzeak, esparru horretan ibili ez arren. Ia-ia prostituzioa edo pornografia bezain gai arantzatsua da, denok dugulako zer pentsatua, zer esana eta zer salatua. Badirudi ezinezkoa dela pasioa edo aurreiritziak bazter uztea eta elkarrizketa arrazionalari ekitea. Horregatik gustatu zitzaidan EAEko Hezkuntza Legeari buruzko lehenengo adierazpenetan Pello Otxandianok esandakoa: «Begirada altxatzeko unea da». Norbere gotorlekutik irten eta esku artean dugunaren garrantziaz jabetzeko momentua da, nire ustez.

Baina ez dezagun eskatu ezinezkoa dena –ezta zuzena ere–, batzuetan egiten den bezala. «Eskola guztiak berdinak irudikatzen ditugu», irakurri diot hezkuntza eragile bati. Zertara dator homogeneotasunaz obsesio hori? Gauza bat da egoera zaurgarrian dagoenari laguntza handiagoa ematea eta beste bat iruditeria kolektiboan eraikitzen ari garen hezkuntza sistema uniformea. Ildo beretik doa ordezkari sindikal batek adierazitakoa: «Laikotasuna bultzatu» behar ei da eskolan. Hori al da aniztasunari zor zaion errespetua?

Ikastetxe bakoitza mundu bat da, eta, sarritan, kalekoa baino hobea, zorionez. Nire herriko eskolan ez dago segregazio arazorik ikastetxe bakarra dugulako eta bertan ume guztiek ikasten eta egiten dute euskaraz. Nire herriko eskolan patioko orduak antolatuta dituzte mutikoak ez daitezen izan espazioaren jabe, neskatoen kalterako. Nire herriko eskolan zenbait bertute lantzen dira eta horietako bat desberdinarekiko begirunea da. Ez dakit hori dena berdin irakasten zaien etxean.

Herritarron zergei esker bizi diren ikastetxe guztiak administrazioaren kontrolpean egon behar dira, herritartasun zibikoari dagozkion balio moral jakin batzuk helarazi behar dituzte, baita gizartean adostuta dagoen euskararekiko atxikimendua eta ezagutza ere, besteak beste. Alta, helburuak argi egonda, eskola bakoitzak duen inguruarekin lan egin behar du. Nork berearekin. Ezinbestean. Ez al genuen sinesten eskolaren autonomian?

Search