«Afrikan ezin da bizi» esan zuen, etsita, Melillako sarraskitik bizirik irtendako batek. Oinazea dario Afrikari: goseteak, diktadurak, gerrak eta pobrezia latzak astintzen dute. Eta bizitza duin baten bila ihes egiten dute afrikar askok, Europan aurkituko dutelakoan. Baina bidean, edota bidea amaituta, egoera ez da batere gozoa. Horren jakitun egonda ere, tematu egiten dira beren ihesaldian, batzuetan, behin baino gehiagotan. Etsipen mailaren isla da.
Mundu aberatsean aurkitu dezaketena etsigarria ere izaten da. Ezagun da Erresuma Batuko gobernuak, adibidez, Ruandara bideratu nahi dituela asiloa eskatzen duten guztiak, gerratik nahiz egoera ekonomiko jasanezinetik joandakoak. “Paperik gabeko” jendea da, alegia, bertan bizitzeko baimenik lortu ez dutenak. Paper bakoak Afrikara jaurti nahi dituzten tory horietako bat, pandemia bete-betean zela, “osasun pasaportea” deitu zitzaionaren kontra agertu zen parlamentuan. Arrazoia? «Nik ez dut bizi nahi paperak erakusten etengabe ibili behar den gizarte batean» esan zuen, hitzez hitz. Hara! Migratzaileek bizitza ematen dute paper ziztrin bat lortzearren. Politika neoliberala horrelakoa izaten da sarritan: guztiz hipokrita. Askatasuna aldarrikatzen du esku batekin eta bestearekin kendu.
Alta, arazoaren konplexutasunaz jabetzea komeni da, nire ustez, inozoa baita mugak desagertu daitezela eskatzea, batzuetan egiten den bezala. Mundua erabat zedarritutako lurraldez osatuta dago eta estatuak ez dira egun batetik bestera desegingo. Ez dezagun bistatik galdu gutako batzuk, behintzat, muga berriak erreibindikatzen ditugula. Baina ezinbestekoa da migrazio politika humanitarioak gailentzea, giza bizitza bera lehentasuntzat hartuta. Bitartean, eztabaida dezagun “paperak” lortzeko politika zuzenei buruz, berdintasuna helburu hartuta. Chambao talde andaluziarrak itsasoan itotako migratzaileen “paper bustiak” salatu zituen aspaldi. Gure artera heldutakoan, ez daitezela izan “paper erreak” eskaintzen zaizkienak.
Paperak
Ezinbestekoa da migrazio politika humanitarioak gailentzea, giza bizitza bera lehentasuntzat hartuta
