Arabiar herrialde batean nengoen su-etenaren notizia jaso genuenean. «Zeozer berezirik gertatu zen?», galdetu zidan lagun batek Euskal Herrira iritsitakoan. Deus ere ez. Beste herrialdeetako (bereziki Palestinako) ospakizun irudietatik urrun, berria ez zen kaleetan ere aditu: jakinarazpena nire sakelakoaren pantailan azaldu zitzaidan. Esanen nuke azken urte eta erdian gertatu zena honen bidez jakin nuela.
Meniaren akordioaren baldintzak ezagutu genituen, eta horien artean, bahituen askapena. Hemen ere, pantailek markatu dute joera: hiru «bahitu» israeldarren argazkiak eta izenak agertu dira sare sozialetako kontu gehienetan eta palestinar «presoen» (sic) anonimotasuna nagusitu da.
Etorkizunak hainbat gauza ezkutatzen digu. Argi dagoena da genozidioa egin duela Israelek Estatu Batuekin eta zenbait aliaturekin, baina honen kontakizuna, gure eskuetan itsatsita ditugun aparatuen bidez artean ere egin da. Sare sozialak bi ahoko armak dira: deformatzeko makina, baina baita artxibo erraldoia ere. Azken helburu honekin sortu zen @archivegenocide kontua, genozidioaren bozeramaile masiboa. Etorkizunean memoria arazoak izanez gero, errelatoa ez da garezur eta gutunetan aurkituko aldi honetan, lehen genozidio dokumentatua zuzenean bizi izan baitugu.