Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Basati izatea

Gustatzen zait pentsatzea ere basatia zela Rosa Parks, poliziaren aurka xutik gertatu zelarik autobusean

Duela gutxi saiakera benetan interesgarria irakurri dut: “Rester barbare”, Louisa Yousfirena. XXI. mendeko Frantziako deskolonizazioaren ondoriozko komunitate beltz eta arabiarren pertzepzioaren irakurketa kritiko bat egiten du autoreak, hainbat adibide erabiliz (Aime Cesaire, Booba edo PNL rap artistak). Basatitasunaren alde egiten du.

Zer itzulpen eman diezaiokegun guk? Euskarak “basati” hitza proposatzen du, esanahi honekin: “Hezi, landu edo zaindu gabea; pertsonez mintzatuz, gizartearen legeetatik kanpo hezia” (jakin dezazuen definizioa irudiztatzen duen adibideak holaxe diola: “Afrikako basatiak”. Ahem.)

Gustatzen zait pentsatzea ere basatia zela Rosa Parks, poliziaren aurka xutik gertatu zelarik autobusean; basatia izan zen ere Muntadhar al-Zaidi, bere zapatak jaurti zizkiola George W. Bushi Bagdaden prentsaurreko bat ematen ari zenean (gogora dezagun atzo hogei urte igaro zirela AEBek Irakeko inbasioa hasi zutenetik). Basatiak izan ziren ere Haitiko iraultzako esklaboak jabeen aurkako matxinadarekin –Latinoamerikako lehena– edo 2005eko Frantziako istiluak, Sarkozyk banlieueak Karcher-ekin garbitu behar zirela erran ostean.

A ze kasualitate, adibide guzi hauek opresio baten erantzunak izan ziren. Eta opresioa bera, ez zen akaso basatia?

Search