Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Behin eta berriz

«Hau betekada!» entzuten genuen atzoko arratsaldean, Txantreako Irubide parkean. Urriaren 12a zela eta, Iruñeko Arrozak ekimena loratu zen: milaka lagun bildu ginen faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako borrokan konpromisoa berritzeko. Manifestazioaren ostean, Arga ertzean elkartu ginen munduko arrozak prestatu eta dastatzeko. Ehun arroz desberdin baino gehiago jateko tiketen erosketatik bildutako etekinak kausa solidarioetara bideratuko dira: Donostiako Kaleko Afari Solidarioak eta Euskadi-Kuba elkartea, hain zuzen ere.

Bezperan, Adania Shibli idazle palestinarra etorri zen Iruñeko Topaketara, “Errepikapena eta ahanztura” deituriko hitzaldia ematera; bertan bakardade etikoaren kontzeptua (ethical loneliness) aipatu zuen: gizateriak abandonatu izanaren esperientzia da bakardade etikoa, gaizkiak aitortuak ez izatearen krudeltasunak areagotua. «Gizakiek eta instituzio politikoek hainbat itzulipurdi egiten dituzte, eta, bizirik atera zirenei ez entzuteagatik, ukatu egiten diete ordaina, haien lekukotza ukatuz eta justiziaren aldeko aldarrikapenak zapuztuz». Palestinaz ari zen, jakina. Iruditzen zait atzokoa bakardade etikoaren kontra doala: badakigu zeren kontra goazen, ez da deus berririk (zoritxarrez), baina errepikatuko dugu, behin eta berriz.  

Search