Belar ondua
Bitxia zait gizarteak hitzez bortitza izan litekeen guztia eufemizatzeko duen joera. «Herrialde pobreak»? Zuzenegia da, «Hirugarren mundua», hobe. «Beltza»? Ez faborez, mutikoa «beltzarana» da. Normalki eufemismo baten azpian tabu bat da. Garai batean zentsura politikoak nahi zuen; orduan trebetasunak balio zuen mezua helarazteko. Beste kasuetan poesia hutsa da, hitz batzuk lehenesten ditugu ederrago geratzen baitira. Bada bat oraingo denboraldiarekin primeran datorrena. «Errinitis alergikoa»: nork deitu du inoiz horrela (irakurle medikua, azken hau ez da zuretzat?) «Belar onduaren sukarra» izan dugu txikitatik –lore ikaragarrizko zelai bat imajinatzen zuen nire 8 urteko niak, eta sukarrak bertan murgiltzen ninduela amesten nuen–. Ar-Razi persiar filosofoak «asma alergikoa» aurkitu zuen XIII. mendean eta alergiari eta immunologiari buruzko artikuluak idatzi zituen lehenbizikoz. Lore bat usaindu ondoren agertu ziren errinitis kasuak azaldu zituen testu batean, izenburu honekin: "Udaberrian arrosak usaintzean Abou Zayd Blakhik errinitisa izatearen arrazoiari buruzko artikulua". Eufemismorik ez izen horretan, baina poesia pitin bat erabateko anonimo hori arrosa soro batean irudikatzen dudanean, orain dela 800 urte, nik gaur ditudan begi malkotu berberekin.
