Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Bissap

Dendan askotan sartu izan gara baina ez nion inoiz hainbeste arreta jarri gaur arte. Erakusleihoa ederki apaindua zegoen: lastozko saskiak, xaboi kubo erraldoiak, loreekin lurrindutako ezti likidoak eta argibide bat: «Askoz gehiago barruan». Sartu gara, nola ez, lehenbiziko aldia balitz bezala. «Uf... begira kolore guztiak!» esan duzu, eta ni, zu bezala, aho zabalik. Korridore estuen artean ibili gara, baldar portatzeko beldurrez, eta gure ukondoek espezia nabarrezko muinoak igurtzi dituzte. Fruitu lehor txigortuak; teak eta infusioak; gozoak; oliba, antxoa eta ozpin nahasteak. Tentagarria da saskia betetzea, baina gaurko helburua argia zen: hibisko lore lehorren bila joatea. «Zertarako?», galdetu dit saltzaileak, jakin-minaren biktima. Aurrekoan irakurritako artikulua buruan agertu zait: duela 4.000 urte, Nilo ibarrean, hibisko landarea hazten zen. Haren kalizarekin edaria ekoizten zen. XV. mendean Sahara zeharkatu eta karabana transahararrek Mendebaldeko Afrikan sartu zuten edaria. Senegalera iritsi zen Bissap izena hartzeko, woloferaz. Abegi onaren sinbolo bihurtu zen, Afrikako mendebaldeko jai eta abagune handietan zerbitzatzen zuten. «Bissap bat egin nahi dut», erantzun dut. Irribarrea marraztu zaio dendariari aurpegian. «Urte berri on zuri ere bai» erantzun dit.

Search