Andoni Urbistondo
Ezkaurreko iboia 2.050 metroko menditzarraren hegora sortua da.
Ezkaurreko iboia 2.050 metroko menditzarraren hegora sortua da.

Ezkaurreko iboia, bakarra eta bakartia

Mendi, ibai, bailara eta basoz aberatsa da Euskal Herria. Ez hainbeste iboi edo glaziar jatorriko aintziren kasuan. Bakarra baitago gure aberrian. Eta dagoena, erdia Nafarroan, erdia Aragoiko lurretan. Ezkaurreko iboi edo aintzira da, 1.672 metrora, 2.050 metroko menditzarraren hegora sortua.

Otsailean izotz geruza handiak estaltzen du, udan 20 x 30 metroko ur putzu bilakatzen dena, elur prezipitazioaren baitan. Arrigorrieta mendikate dotore bezain ezezagunaren ipar ertzean dago Ezkaurreko iboia, Garde, Erronkari, Urzainki eta Izabatik ekialdera. 1.700 metro pasako mendi belartsuak dira, artaldeen bazka gune bakartiak. Paraje haietara bi hankako ugaztun gutxi hurbiltzen baita.

Nafarroako Pirinioak ikur asko ditu. Mendizale orok du amets Orhi mendira igotzea, mendebaldetik ekialdera dagoen bi mila metroko lehen tontorra. Zeresanik ez Hiru Erregeen Mahaia, Euskal Herriko garaiena 2.446 metrorekin, edota Auñamendi, Bearno izanagatik geure-geuretzat dugun piramide perfektua (2.507 metro). Baina mendi masifikatu horiek bezala, bada txoko ezezagun eta bakartirik, oraindik. Zorionez, noski. Ezkaurre mendiaren hego isurialdea da txoko horietako bat. Ekialdera 1.000 metroko amildegi ikusgarria sortu du naturak, Ezkaurre eta Alano mendikateko Trasveral eta Espelunga menditzarrak banatzen dituen Veral errekak bidea egin dezan. Hegorantz amildegia askoz apalagoa da, eta Ezkaurreko iboian bukatzen da. Han, Arrigorrieta mendikatearekin egiten du bat, harro tentetzen den hegia, Garde herritik hegora leuntzen hasi arte.

Ezkaurreko iboia gailurra baino 400 bat metro beherago dago, 1.672 metrora. Milaka urte atzera, paraje hauetan glaziarrak ziren nagusi, eta haien mugimenduarekin, halako sakonune bat sortu zen Ezkaurre eta Idoia mendien artean. Sakonune horretan biltzen dira ur prezipitazioak, eta jakina, goi mendietako elur lurmenduaren ur emaria. Iboia, udan, 20 bat metro da luze, eta 30 inguru zabal, baina tamaina hori ikaragarri alda daiteke neguan goi mendietan pilatutako elur geruzaren baitan.

Negu betean, otsaila lehorra eta epela izanda ere, aintzirak jantzi zuria erakusten du harro. Elur geruza fin batek zeharo izoztua dagoen ura estaltzen du, eta tentuz bada ere, arazorik gabe egin daiteke osteratxoa lakuaren gainetik. Izotz geruza oso gogorra da, txoko honetan egun eta aste askotan tenperatura ez baita 0 gradutik gora igotzen. Iboien jatorri geologikoa ulerterraza da. Duela 40.000 urte hasi ziren sortzen, Pirinioetako glaziarrak ipar eta hegorantz mugitzen hasi zirenean. Bere bidean, U itxurako bailarak sortu ziren, eta bailara horietan harri eta lur kopuru handiak pilatu ziren sakonuneak sortu. Gizaldietan barrena, sakonune horietan pilatu da euri ura eta elur ura, iboi edo aintzirak sortuz. «Ibon» edo «iboi» hitza euskarazko «ibai» hitzetik omen dator, urteen joan-etorrian «ibon» bilakatutakoa, aragoieraz.

Pirinioetan 1.270 iboi inguru daude, antzeko kopuruan ipar eta hego isurialdean, gehientsuenak 1.800 eta 2.500 metro artean. Elementu geologiko bereziak dira, mendiak adina edo gehiago, mendikateei halako magia eta erakargarritasun ezohikoa ematen dietena. Euskal Herriko lurretan, Ezkaurrekoa bakarrik dago. Askok pentsatzen dute Lac de Lhurs iboia ere Euskal Herria dela, Hiru Erregeen Mahaia eta Billare mendien azpian dagoelako, Laskun herritik pauso batera. Lhurs iboia, baina, Bearnon dago, eta egiari zor, Ezkaurrekoa baino ikusgarriagoa eta handiagoa da.

Paraje bakeosoa

Ezkaurre Nafarren mendatetik, ipar aurpegitik, edo hego aurpegitik, bi mundu erabat ezberdin dira. Iparraldetik hamar mendizale joaten badira, hegotik bat joango da, joaten bada. Eta hori, GR11 bidea, Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen bide ezaguneko adar bat bertatik igarotzen dela aintzat hartuz. GR11.4 bidea, hain zuzen ere. Zehaztapen horrek esan nahi du Izabatik Zurizara bitartean GR11k bi aukera eskaintzen dituela: Belabarze bailaran barrena, Ezkaurre iparretik inguratuz, edota Ezkaurre hegotik inguratzen duena. Hegotik doan GR11 bideak Abau bordara eramaten du, eta handik, errepidez, lau kilometro luze egin behar dira Zurizara iristeko, errepide bazterretik. Zer esan nahi du honek? GR11 egiten duten mendizaleen ia %100ek Belabarzen barrena egiten duela Izaba eta Zuriza arteko tartea.

Batere masifikatu gabeko eremua da, beraz. 10-12 gradurekin belazean etzanda lasai egoteko toki ezin aproposagoa, inor azalduko ez den konbentzimenduarekin. Ezkaurrera daramaten korridoreak aztertu daitezke, edota Europa iparrera bidean zerua gurutzatzen duten antzara eta kurrilo multzo erraldoiak ikusi eta hausnartu, zergatik ekin dioten itzulerako bidaiari, hain garaiz. Hegora begiratuta, Arrigorrieta mendikateko parajeak azalduko zaizkigu aurrez aurre, elurrez zuri.

Arrigorrieta mendikate luzea, garaia eta bista paregabeak dituen tontor multzoa da, baina Ezkaurreko aintzirak bezala, oso bisitari gutxi jasotzen duena. Urzainki, Izaba eta Gardetik, Nafarroan ekialdeen dagoen herritik, irteera politak egin daitezke, baina joan-etorri guztiek sei bat orduko ahalegina eskatzen dute. Huesca eta Nafarroa banatzen dituen mendilerroan 1.600 metroak gainditzen dituzten dozena tontor berezitu daude, eta Idoia edo Kañadaxiloa (Godia ere esaten diote) 1.800 metroko kotatik gertu daude. Belartsuak dira, harritsuak baino, eta zoritxarrez hainbat mendi pista edo bide daude, baso ustiaketaren ondorioz.

Egun-pasa interesgarria da mendi buelta Garde eta Anso banatzen dituen lepotik hastea, Poitikolarra edo Matamachos mendatetik (isurialde batera zein bestera dituen pendiz malkartsuen eraginez jarri omen zioten izen hori). Iparrerantz Kalbeira, Idoia eta Kañadaxiloa gailurrak daude (4-5 ordu, joaneko bidea). Urzainkitik ere egin daiteke bidea, Urralegi amildegian barrena Arnaia puntara iritsita (1.648 metro). Eta GR11.4 bidetik ere bai, Izaban hasita. Euskal mendizaletasunaren txokoan gutxietsita, ahaztuta dagoen Arrigorrieta mendikateak merezi du, bada, eguneko bisita lasai bat.

Negu betean, zein bide hautatu erabaki erraza da: motzena eta leunena. Eta hori Abau bordatik abiatzen den pista da. Borda hori Ansotik Zurizara doan bidean dago, 10 bat kilometrora, eta argi ikusten da zein den, Ezcaurri hitza erakusten duen seinalea baitauka pista hasieran. Handik gora galbiderik ez dago, ordubete eskasean pista xenda bilakatzen den seinalea baitago. Elurra dago, eta pistaren pizgarri falta oharkabean pasatzen da naturak mendizalea ezustean harrapatzeko duen gaitasunari esker. Izan ere, elurraren kondizioak 10-15 metroan aldatzen dira, eguzkiaren eraginez. Orain mendiko bota hondoratu gabe, hurrena hanka belauneraino sartu eta ezin atera...

Masustak ernatu dira, katagorriak adar finetan dantzan dabiltza, basurde taldeak ere bai mendian behera ziztu bizian, gizakion bisitarekin harrituta, ziur aski. Artzik ez dugu sumatu, zorionez. Artzain borda batek Ezkaurreko iboia gertu dagoela erakusten du, eta Euskal Herrian halako paraje lasai, ikusgarri eta ezezagunak ditugula sumatzean, ordulariko orratzak geratu egiten dira.