Ura ITURRALDE (Argazkiak: U.I. eta Getty Images)
Karimunjawa uharteek paradisuen itxura dute, benetan. (GETTY IMAGES)
Karimunjawa uharteek paradisuen itxura dute, benetan. (GETTY IMAGES)

Karimunjawa uharteak, Javako paradisu galduak

Argi dago Indonesiari buruz hitz egiten denean, guztioi Bali uhartea datorkigula burura. Badira, ordea, turistentzat ezezagunak diren paradisu galduak, behin baino gehiagotan amestutakoak. Adibide bat: Karimunjawa parke nazionala, Javako iparraldeko koralezko arrezifea, hondar zuriz osaturikoa.

Gidaliburuetan ia aipatzen ez den arren, gure bidaia honen helmugara iristeko abiapuntua Yogyakarta -«Jogja» bertakoentzat- hiria da. Bereziki polita ez izan arren, hiri gaztea da, kultur proposamen ugari eskaintzen dituena. Izan ere, kaleetan edonon aurki daitezke musika taldeak, antzerkiak… Giroa, benetan, atsegina da. Lehenengoa -agian, famatuena- munduko tenplu budistarik handiena da eta, zalantzarik gabe, Indonesiako toki ederrenetarikoa.

Ohikoena egunsentian bertaratzea da, tour antolatu batean, gidaren azalpenak entzunez bertako historia hobeto ulertu ahal izateko. Gehienetan, eskaintzen diren bisita gidatuetan Borobudur eta, ondoren, Prambanan ikusteko aukera izaten da. Jogja hiri erdigunetik abiatuta, gutxi gorabehera ordubete behar da. Borobudur benetan ikusgarria izan arren, Prambanan are erakargarriagoa da, agian turista gutxiago izaten delako eta, horrez gain, gunea osatzen duten tenplu txikien tartetik eguzki-irteera ikus daitekeelako. Eta, benetan, merezi du.

Jogja, orokorrean, zehaztutako norabiderik gabe ezagutzea polita bada ere, gune turistiko aipagarrienak hiritik kanpo daude: Borobudur eta Prambanan tenpluak. Lehenengoa -agian, famatuena- munduko tenplu budistarik handiena da eta, zalantzarik gabe, Indonesiako toki ederrenetarikoa. Ohikoena egunsentian bertaratzea da, tour antolatu batean, gidaren azalpenak entzunez bertako historia hobeto ulertu ahal izateko. Gehienetan, eskaintzen diren bisita gidatuetan Borobudur eta, ondoren, Prambanan ikusteko aukera izaten da. Jogja hiri erdigunetik abiatuta, gutxi gorabehera ordubete behar da. Borobudur benetan ikusgarria izan arren, Prambanan are erakargarriagoa da, agian turista gutxiago izaten delako eta, horrez gain, gunea osatzen duten tenplu txikien tartetik eguzki-irteera ikus daitekeelako. Eta, benetan, merezi du.

Indonesiako hiriburu kulturalean pare bat egun igaro ondoren, atzerritar gehienek hegazkinez Balira salto egiten dute, oporraldia bertako hondartza paradisiakoetan amaitzeko. Alabaina, aukera polita da Karimunjawa irletara hurbiltzea, horietara iristeko bidea erraza izan ez arren. Agian, hala ere, ideia horrek motibatu dezake gehien bidaiaria, bidea zaila izan arren turistarik gabeko paradisua aurkituko duela pentsatuz akaso.

Gidetan informazio zehatzik ez dagoenez, hobe da bertakoei galdetzea abiatu aurretik. Neuri bi aukera gomendatu zizkidaten Jogjan: Jepara-ko edo Semarang-go portuetara abiatzea itsasontzia hartzeko. Lehenengoa 90 kilometrora dago; bigarrena, berriz, 120 kilometrora. Azkenean, Jeparara joateko erabakia hartu nuen, baina ez soilik gertuago zegoelako, baizik eta ferry gehienak bertatik irteten zirelako.

Autobusez iritsi eta, jaitsi bezain laster, portura joan nintzen. Bertan esan zidaten goizeko ferrya irtena zela eta hurrengo egunean ez zegoela garraio publikorik. Beraz, argi dago denbora kontuan izan behar dela, batez ere bizpahiru egun behar direlako bidaia osatzeko eta, jakina, hiru egun galtzeko prest daudenek soilik goza dezaketelako abentura txiki honekin. Hala ere, egoera horretan, orduak herria ezagutzeko aprobetxa daitezke, benetan merezi du-eta!

Jepara ezaguna da Indonesian, batik bat zura lantzeko arteagatik. Kalez kale oinez ibiltzen bazara, berehala konturatuko zara oso trebeak direla. Etxeak, aulkiak, mahai sendoak, elefanteak, arranoak eta liluratuta utziko zaituzten hamaika irudi harrigarri ikusiko dituzu. Gainera, ebanista guztiak poligono berean daudenez, erraza da bertakoei galdetuta iristea.

Aipatutakoa nahikoa ez balitz, badaude edertasun handiko beste zenbait leku bidaiariaren gozamenerako; esaterako, Air Terjun Songgo Langit ur-jauziak. Ordubete inguru behar da motoz bertaratzeko. Dena dela, abentura askoz ere arinagoa, dibertigarriagoa eta interesgarriagoa izan daiteke geldiuneak egiten badira bidean zehar sakabanaturik dauden herri txikietan. Arroz-terraza ugari ere badaude, atzerritarrei betiere deigarriak egiten zaizkienak.

Biharamunean Pantai Bandengan hondartzara joan nintzen. Lasaiago ibiltzeko. Horixe izan zen Karimunjawara iritsi aurretik Jeparan bisitatutako azken lekua. Egia esan, hondartza ez da oso erakargarria, baina hurbiltzen denak jende atseginarekin egingo du topo, kanpotarrekin hitz egiteko prest dauden herritarrekin. Gainera, zumba dantzatzeko aukera ere izango du. Dohainik!

Karimunjawa

Goizean goiz ailegatu nintzen portura ferrya hartzeko asmoz. Bi daude, egunaren arabera: Slow Boat (4-5 ordu behar dituena Karimunjawara iristeko) edo Speed Boat (2 ordu). Jakina, komeni da azkarrena hartzea.

ava iparraldeko kostaldean galdutako Karimunjawa uharteak aipatzean, iraganean ainguratutako paradisu lasai eta urrun gisa deskriba dezakegu. Hori da ferrytik jaitsi bezain laster sentitzen dena. Kokondo eta hareatza amaigabez inguratutako hondartza txikiak, hutsik; ni neu izan nintzen, ordu hartan behintzat, iritsi zen turista bakarra. Sinestezina.

Uharte txikiz osatzen den artxipelagoa da; handiena Pulau Karimunjawa da. Portua, jatetxeak, lotarako aukera... Hotelak badiren arren, egonaldia herriko norbaiten etxean igarotzeko eskaintza ere jasoko dute atzerritarrek. Niri Yanan izeneko mutil gazte bat hurbildu eta bere familiarekin bizpahiru egun igarotzeko gonbita egin zidan. Noski, baietz esan nion birritan pentsatu gabe, aukera ezin hobea zelako bertakoak nola bizi diren bertatik bertara ikusteko.

Etxe xumea zen; nire gela, handia eta txukuna. Ama, aita, amona eta aitona aurkeztu zizkidan. Atseginak oso, baina ezin haiekin jardun, ez zekitelako ingelesez.

Arroza bazkaldu eta, ondoren, Yananek, keinu bat eginez, gidari lana egin zuen niretzat. Bazekien turista batek zer ikusi nahiko lukeen herrian; nirekin, behintzat, bete-betean asmatu zuen, batez ere portura eraman ninduenean snorkeling egitera.

Island Hopping

Hurrengo goizean, Yanan-en etxean primeran lo egin ondoren, bezperan erreserbatutako tourra egitera abiatu nintzen goizean goiz. Ni eta beste bi neska besterik ez geunden zain, Sonia eta Laura, katalanak. “Island Hopping” izena du ibilbideak, uhartez uharte itsasontzi txiki batek egiten duena. 7 euro baino ez zuen balio eta bidaia zoragarria izan zen.

Orduak eman genituen paradisu txikiak ezagutzen, harea zuri eta ur gardenez inguratutako irla guztiz birjinen artean. Eta hantxe, gu bakarrik. Beraz, turistarik gabeko paradisu bila dabiltzanak hemen, Karimunjawan, dute ametsa betetzeko aukera. Alabaina, komeni da kontuan hartzea, Java eta Bali ez bezala, herrialde musulmana dela eta, ondorioz, hondartzetan emakumeak guztiz estalita egoten direla. Honelako tour turistikoetan, ordea, emakumeak bikinian jar daitezke eguzkipean, lasai-lasai, arazorik gabe.

Behin han egonda, pena litzateke snorkeling ez egitea koralezko lorategi artean eta koloretako arrainez inguraturik. Horretarako, Cemara Besar eta Menjangan Kecil uharteak dira lekurik apropos eta ikusgarrienak. Marrazo txikiz jositako igerileku batera ere gertura daiteke bisitaria, elkarrekin igeri egiteko. Bazkalorduan barbakoa prestatu zuten eta arrain freskoa jateko parada izan genuen. Eguna bukatu zela uste genuenean, eguzki-sarrera itsasontzitik ikusteko parada eskaini zigun gidariak. Ikuskizun benetan ederra!

Snorkelinga ez ezik, urpekaritza egiteko aukera ere badago Karimunjawan; adibidez, Salma Dive Center-eko ekipoarekin. Maila handiko urperatzeak dira; hondoratutako itsasontzi batera ere hurbiltzen dira nahi dutenak.

Portuaz gozatu, bertako arrantzaleekin

Hondartza ederrenetatik urrun, Pulau Karimunjawako portu inguruan elkartzen dira arrantzaleak. Polita da bertara joan eta haiekin hitz egitea, gehienek ingelesez ez jakin arren. Oso alaiak eta lagunkoiak dira. Jatetxerik gomendagarrienak ere hantxe, portuan, aurkitzen dira, baita Night Market merkatua ere, arrain freskoa lortzeko lekurik egokiena, zalantzarik gabe. Lasaia da herria eta bakarrik joaten denak ere ez du izango inolako arriskurik.

Tour gidariek kayak-ak ere eskaintzen dituzte, 6 euroren truke. 10:00etan hasi eta 16:00etan amaitzen da jarduna. Mangladiak zeharkatuz, irla ezezagunetara iristen da. Hala ere, zenbait bisitariren esanetan, Nirvana resort-ak duen hondartzan kayak egitea omen da Karimunjawan izan daitekeen esperientziarik ahaztezinetakoena.

Bestalde, uharteak dituen txoko guztiez gozatzeko ia ezinbestekoa da motor bat alokatzea. Oro har, bidea erraza da. Asfaltatu gabeko zati txikiak dauden arren, trafiko gutxi du errepide nagusiak. 4 euro inguru ordaintzen da motorra eguneko, gasolina barne.

Hondartzak eta Bukit Love begiratokia

Tanjung Gelam, Sunset eta Batu Topeng dira hondartzarik famatuenak. Motoz edo taxiz irits daiteke. Bidea oinez ere egin daiteke, herriaren erdigunetik 4 kilometrora besterik ez baitaude. Arazoa da gainerako hondartzak ere ezagutu nahi dituenak ibilbidea luzatu egin behar duela, Barracuda Beach, Bange beach eta Anouk Beach hondartzerara iristeko, besteak beste, horiek guztiak urrutiago daudelako. Kokondoz inguraturiko basoa igaro ondoren, Sunset hondartzako txiringitoan har daiteke atseden, Bintang zerbeza eskuan duzula eguzki-sarreraz gozatzen duzun bitartean.

Hori bai, irla guztiak goitik ikusi nahi duenak Bukit Love begiratokira igo beharko du, bereziki ilunabarrean. Une magiko hori, dena den, pixka bat zapuztu zen irletan lau egun igaro ondoren itzultzeko ordua iritsi zenean. Berriro ere Jepara-ra joateko Slow Ferry-a hartu behar izan nuen; ez nuen beste aukerarik. Ez zen une erosoa izan. Bospasei ordu eguzkitan kiskaltzen, infernua! Barkua jendez gainezka. Esertzeko lekurik gabe, itzalik gabe eta manta batez babestuta. Hala eta guztiz ere, zoragarria izan zen esperientzia. Batek daki paradisu galdua izaten jarraituko ote duen denbora luzez.